Kaleratzeen kontra mugagabeko greba hasi dute Saveran

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 22a

Aitor AROTZENA

137 langileetatik 56 kaleratu nahi ditu enpresak

Savera lantegiko 137 langileetatik 56 kaleratzeko espedientea aurkeztu du zuzendaritzak Nafarroako Gobernuan eta horren kontra, mugagabeko greba egiten ari dira langileak ekainaren 16az geroztik. Horixe zen  Langileen Batzordearen (ELA) proposamena eta hala onartu zen. 137 langileetatik 117 izan ziren batzarrean eta 108k alde bozkatu zuten, 7k kontra eta bi botu txuri izan ziren. Zuzendaritzaren arabera, berriz, «produkzioa urteko 25.000 tona ingurura jautsi delako» aurkeztu du EREa.
Langileen Batzordeak idatzi bidez jakinarazi duenez, greba honekin «Saveran egin nahi den deslokalizazioari baimenik ez ematea eskatu nahi diogu Lan Departamentuari, 56 langile lanik gabe utzi dezakeen erabakia. ERE honek, berez, Beran produzitzen den kalitate handiko produktua alde batera utzi eta Txinatik inportatutako kalitate txarragoko bat ekartzeko deslokalizazioa dakar». Enpresak, aldiz,  «produktu hau Beran egiten ez bada, bertze inon ez dela eginen» erran du.
LABek, bertzalde, ERE hau Bortzirietako industriarentzat «izugarrizko kolpea» dela adierazi du. Eta  Aralarrek babes osoa agertu die mugagabeko greba hasi dutenei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun