Argazki lehiaketa berreskuratu du Beti Gaztek, Lesakako elkartearen 70. urteurreneko ospakizunetan

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 17a

300, 200 eta 100 euroko sariak izanen dira eta sari berezia, Beti Gazte elkartearen 70. urteurrenarekin zerikusia duen argazki onenarentzat. TTIPI TTAPA

Lanak urriaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira

Lesakako Beti Gazte elkartearen 70 urteurreneko ospakizunen barrenean, duela urte batzuk arte egiten zuen argazki lehiaketa berreskuratu dute. Zehazki 2000. urtean egin zen bederatzigarren argazki lehiaketa izan zen azkena. Hamar urte beranduago eta elkarteak 70 urte bete dituela aitzaki hartuta, berreskuratu dute. Nahi duten afizionatu guziek har dezakete parte eta lanak urriaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira Beti Gazte elkartean (Beheko Plaza 9, 31770 Lesaka), gisa honetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz .

Argazkien gaiz kirolarekin, mendiarekin eta naturarekin zerikusia duen edozer izanen da eta paperean egindako argazkiak aurkeztu beharko dira, zuri-beltzean edo kolorean eta digitalki manipulatu gabeak. Egile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkezten ahal ditu eta berakerabakiko du argazkiaren neurria, nahiz eta horietako bakoitzak gehienez 30x40 zentimetroko kartulinean jarrita egon beharko duen.

Hiru sari emanen ditu Beti Gazte elkarteak. Lehenbizikoa, 300 euro eta trofeoa, bigarrena 200 euro eta trofeoa eta hirugarrena 100 euro. Gainera, sari berezia izanen da Beti Gazteren 70. urteurrenarekin zerikusia duen argazkirik hoberenari.

Antolatzaileek izendatuko duen epaimahaiak azaroaren 9an emanen du erabakia eta egun berean hasita, azaroaren 9tik 30era, erakusketa izanen da Beti Gazte elkartearen egoitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun