Artearekin lotutako ezagutza ahalik eta sakonena lortzeko eta ikasleek sormena bere osotasunean garatzeko “Multiarte” adierazpen artistikoaren programa landu nahi du Santiago Jorge margolari eta ilustradoreak Lesakan. Kanarietako La Palman sortu eta Tenerifen, Madrilen eta Galizian pinturarekin, grabatuarekin, diseinuarekin eta bertze adierazpen artistikoekin zerikusia duten ikasketak egin ondotik, Lesakan bizi den artistaren asmoa abuztuan ikastaro intentsiboak eskaintzea da, bizpahiru astez astean hiru egunez, eta irailetik aitzinera, astean behin ordu terdiz. Ordutegia, ikasleen beharren arabera ere egokituko du. Bi talde eginen lirateke, 6 urtetik 14 urtera arteko ikasleekin bat eta hortik goitiko edozein adineko ikasleekin bertzea. Interesatuek, 652 064839 telefonora deitu eta Beti Gazte elkartearen egoitzatik pasatu behar dira ortzegunetan, 20:00etatik 21:00etara eta zuzendaritza batzordekoekin solastu.
Margoketa tailerra, marrazketa klaseak, margoketa kreatiboa, sormena tailerra, ilustrazio tailerra, eskulturgintza, erakusketak, artisten bisitak, natura eta artea programa tematikoak, ilustrazio tailerra, margoketa paisajistikoa eta irakurketa bultzatzeko aktibitateak landu nahi lituzke Santiago Jorgek. Bere ustez “arte espresioan garatzen diren ekintzak oso garrantzitsuak dira garapen integrala, intelektuala eta pertsonala lortzeko”.
Multi-Arte programak ez ditu eskaintzen margoketa klaseak soilik, “erran dezakegu artearekin lotutako programa osoa, dinamikoa eta didaktikoa dela, margoketan oinarritua” dio koordinatzaileak.