Aralarrek babes osoa agertu die gaur mugagabeko greba hasi duten Saverako langileei, eta enpresari 56 kaleratzeak biltzen dituen Enplegu Erregulaziorako Espedientea bertan behera utz dezala exijitu dio.
Alderdi honek bildutako informazioaren arabera, Savera Groupek gutienez 776.246,88 euro jaso ditu administrazio ezberdinetatik (Nafarroako Gobernua, Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia) azken sei urteotan, enpresaren deslokalizazioa bultzatu dutenak, eta orain Berako enpresaren “desmantelazioa eta lanpostuen suntsiketa” ekarriko dutenak.
Baztan-Bidasoa eskualdeak bizi duen krisi gogorrean, Savera Groupek hartu duen bideak eragin nabarmena izan du, Aralarren arabera. “Ebentualen kaleratzea eta Funvera eta Saverako enpresetako kaleratzeekin ia 200 lanpostu zuzen desegin ditu talde honek gure eskualdean, eta horiei zeharkako lanpostuak gehitu behar zaizkio. Eta guztia dirulaguntza publikoekin hornitua”.
Saveraren erabakia ez da “kasualitatea” Aralarren irudiko. “Azkeneko urteotan Txinan eta Indian sei lantegi ireki ditu, produkzioa herrialde horietara bideratu du, eta krisiarekin sekulako aitzakia bilatu du deslokalizazioa gauzatzeko”.
Aralarrek Nafarroako Gobernuari EEE hau baztertu dezala eskatzen dio, eta berriz ere galdetzen dio ia zein proposamen duen enplegua sortzeko eta egonkortzeko Baztan Bidasoan. “Ez dugu onartzen Roig kontseilariak gure eskualdeaz egiten duen irakurketa positiboa, eta krisiak aparteko eraginik ez duela izan dioenean. Baztan-Bidasoa hilzorian dago, eta ez dugu ekonomia biziberritzeko inolako neurririk antzeman” dio Aralarren bere idatzian.
Langile eta sindikatuek deituko dituzten mobilizazioetan parte hartuko du Aralarrek, eta horietan parte hartzera animatzen ditu herritarrak, “Saverako langileen eskubideak ez ezik, eskualde osoaren etorkizuna dagoelako jokoan”.