Joan den larunbatean, ekainaren 12an, Bortzirietako euskara batzordeetako kideak Etxalarko Kultur Etxean elkartu ziren, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen hogeigarren urteurrenaren karietara. Mankomunitatearen egoera izan zuten aztergai, eta, aitzinera begira, euskararen normalkuntzarako tresna eraginkorra izaten segitu dezan ziurtatu beharreko gutxieneko baldintzei buruz jardun ziren. Horrekin batera, euskara batzordeen egoerari buruz ere egin zuten gogoeta.
Batzar Orokorra goizeko 10:00etan hasi zen. Egunerako propio prestatuko bideoa aurkeztu zuten hasteko. Duela 20 urte mankomunitatearen sorreran parte hartu zuten hainbat laguni egindako elkarrizketak ageri ziren ikusentzunekoan, orduko giroa eta izpiritua gogora ekartzeko. Izan ere, aurten mankomunitateak 20 urte ospatu ditu, eta, horren inguruan, hainbat ekitaldi aurreikusten dituzte euskara batzordeek.
Bideoak abiapuntu hagitz interesgarria paratu zion saioari. Ondotik, taldetan banatu ziren bertaratutako 25 lagunak, mankomunitatearen orainaz eta geroaz hausnartzeko, eta ondorioak dokumentu batean bilduko dituzte. Batzar Orokorrari amaiera emateko, batzordekideek mankomunitatearen lanari atxekimendua adierazteko idatzia adostu zuten, baita iragarpen bat egin ere: urriaren 31n Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eguna izanen da Beran.