Savera enpresak 137 langileetatik 56 kaleratzea proposatzen duen EREaren kontra mugagabeko greba hasi dute langileek ekainaren 16tik aitzinera. Horixe zen ELAko bederatzi ordezkarik osatzen duten Langileen Batzordearen proposamena joan den ortziraleko batzarrerako eta halaxe onartu zen. 137 langileetatik 117 izan ziren batzarrean eta 108k huelgaren alde bozkatu zuten, 7k kontra eta bi botu txuri izan ziren. Manuel Moncayola,
Beraz, asteazkenean, goizeko 06:00etan hasi dira greban eta ordu berean protesta kontzentrazioa egin dute lantegiaren atean. Manuel Moncayola, Langileen Batzordeko presidenteak aipatu digunez, “greba gaur abiatu da, baina lantegia joan den asteazkenetik kasik hutsa zegoen, langileek dagozkien egun eta ordu libreak erabili baitituzte”.
Ortzegunean, enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak, espedientea negoziatzeko lehen bilera izanen dute, baina Moncayolak ez du itxaropen handiegirik. “Ez dugu mugimendu eta sorpresa baikorrik espero, enpresak eskaintzeko zerbait izanen balu ez baitzuen greba hasi arte esperatuko”.
Aitzinera begira zenbait mobilizazio eginen dituzte, baina oraindik ez dituzte datak zehaztu.
Langileen Batzordeak idatzi baten bidez jakinarazi duenez, greba honekin “Saveran egin nahi den deslokalizazioari baimenik ez ematea eskatu nahi diogu Lan Departamentuari, 56 langile lanik gabe utzi dezakeen erabakia, lehendik ere krisiak gogor jo duen Bortziriak bezalako eskualde batean. ERE honek, berez, Beran produzitzen kalitate handiko produktua alde batera utzi eta Txinatik inportatutako kalitate txarragoko bat ekartzeko deslokalizazioa dakar”, langileen ustez.
Enpresatik, aldiz, ez dela deslokalizazioa aipatu zuten, eta “produktu hau Beran egiten ez bada, bertze inon ez dela eginen” azpimarratu zuten, baina langileen batzordetik “hitzak bertzerik ez direla” uste dute. “Ez dugu enpresaren balorazioarekin bat egiten –dio Manuel Moncayolak–, eta enpresak ez du bideragarriak izan daitezkeen irtenbideak onartzen, neurri ez traumatikoak hartzen ahal dira, horretarako tartea bada, baina ez dute kaleratzeak bertze neurririk onartzen”.
Enpresaren sorburua hemen dagoela azpimarratu du Moncayolak, “nahiz eta Txinan 5 lantegi egin diren, ikertzen ari gara, baina ustez diru publikoarekin. Norbaitek azaldu egin beharko du nafarren zergak nafarrak lanik gabe uzteko erabiltzen ari ote diren”.