Martin Goikoetxea “Goiko” argazkilari beratarra Madrilen izanen da ortzegun honetan, ekainaren 17an. Izan ere, Espainiako hiriburuko Gran Viaren mendeurrena dela eta egiten ari diren ospakizunen barrenean halako lehiaketa bat antolatu du Madrilgo Udalak, “Gran Vía: el cielo sobre Madrid” izenburupean. PhotoEspaña elkarteak, lehiaketan parte hartu nahi zuten bere bazkideen artean halako hautaketa bat egin du eta 250 bat argazkilaritik 31 aukeratu ditu. Horien artean egonen da Martin Goikoetxea beratarra ere. Honela, ekainaren 17an, Madrilgo kale famatu horretako eraikinik altuenetatik argazkiak aterako dituzte 19:00etatik aitzinera eta ikuspegi ikusgarri horretatik argazkiak atera. Irudirik onenak, biharamonean, ekainaren 18an eginen den Fotografiaren Gauean proiektatuko dira 22:00etatik 00:00etara Santa Ana Plazan.