Juana Ospital Mirandek 100 urte bete ditu Berako San Jose Zahar Etxean

Aitor AROTZENA 2010eko ekainaren 15a

Juana Ospital Mirande, bere ehungarren urtebetetzean, bortz alabekin batera. Aitor AROTZENA

Ortzaizekoa sortzez, Erratzun ezkondu, Elizondoko sagardotegian aritu zen lanean eta azken lau urteetan Berako Erresidentzian bizi da

1910eko apirilaren 14an jaio zen Juana Ospital Mirande Baxenafarroako Ortzaizen. Mende bat beranduago bere ehungarren urteurrena ospatu du Berako San Jose Zahar Etxean, bere bortz alabak inguruan zituela. Seme bat ere izan zuen, baina hiru hilabete zituela hil zen. 13 biloba eta 11 birbiloba ditu Juanak Sunbillan, Iruñean, Hueskan, Madrilen eta Marsellan eta “denak aunitz maite dituela” aipatu digu. Oraindik osasuntsu bizi da Juana, nahiz eta ikusmena galdua duen eta eroriko baten ondorioz, aulki gurpildunean mugitu behar duen. Duela lau urtetik honat bizi da Berako erresidentzian.

 

Buztintze-Hiriberrin sortu eta Ameriketan artzain ibilitako Lorentxo Errekart zenarekin Erratzun ezkondu zen 1940ko azaroaren 21ean.  Gero, Elizondoko sagardotegiko ardura izan zuten urtetan. “Denetatik” saltzen zuen betiko denda zen, “hasi abarketatik eta txikito bat ardo bitarte”. Juanari jostungintza gustatu izan zaio betidanik eta duela hiru urte arte, ikusmena galdu zuen arte, josten aritu zen. Baina Juanak aipatu digunez, “irakurtzea gehiago gustatzen zait, egunkariak eta liburuak jostea baino gustokoagoak ditut. Donibane-Garazira bidali ninduen amak eta han egin nituen ikasketak, ikasle ona izan nintzen, frantsesez ere ongi ikasi nuen eta geroztik, beti izan dut leitzeko gogoa”.

Larunbatean familiako gehienak bildu ziren Beran bazkaltzera, 40 bat lagun, baina astelehenean ere ospakizun eguna izan dute. Goizean meza izan dute Zahar Etxeko kaperan eta Zalain jatetxera joan dira bazkaltzera. Bazkalondoan, ohorezko aurreskua dantzatuko diote. Berako Udalak ere oroigarria emanen dio eta Berako abesbatzak emanaldia eskainiko dio.

Gainera, mendeurreneko opari ere egin diote alabek, Juanak ilusio handiz eskatua zuena: Lourdesko domina, bere izena  eta adina ageri duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun