Savera enpresak 137 langileetatik 56 kaleratzea proposatzen duen EREaren kontra mugagabeko greba eginen dute langileek ekainaren 16tik aitzinera. Horixe zen ELAko bederatzi ordezkarik osatzen duten Langileen Batzordearen proposamena ortziraleko batzarrerako eta halaxe onartu zen. 137 langileetatik 117 izan ziren batzarrean eta 108k huelgaren alde bozkatu zuten, 7k kontra eta bi botu txuri izan ziren.
Beraz, ortziralean, goizeko 06:00etan hasiko dira greban eta ordu berean protesta eginen dute lantegiaren atean. Ortzegunean, enpresako zuzendaritzak eta langileen batzordeak, espedientea negoziatzeko lehen bilera izanen dute.
Langileen Batzordeak idatzi baten bidez jakinarazi duenez, greba honekin “Saveran egin nahi den deslokalizazioari baimenik ez ematea eskatu nahi diogu Lan Departamentuari, 56 langile lanik gabe utzi dezakeen erabakia, lehendik ere krisiak gogor jo duen Bortziriak bezalako eskualde batean. ERE honek, berez, Beran produzitzen kalitate handiko produktua alde batera utzi eta Txinatik inportatutako kalitate txarragoko bat ekartzeko deslokalizazioa dakar”, langileen ustez.
Enpresatik, aldiz, ez dela deslokalizazioa aipatu zuten, eta “produktu hau Beran egiten ez bada, bertze inon ez dela eginen” azpimarratu zuten.
LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazu duenez, “ERE berri hau izugarrizko kolpea da Bortziritako industriarentzat, momentu honetan arrisku larrian dagoen”a. Funvera eta Saveraz gain, “ezin ditugu ahantzi Zalain Transformados Grupo Condesa, Arcelor Mittal, Composites Gurea eta abar luze batetako langileak, patronalaren erasoaldi hauek jasaten ari direnak, Nafarroako Gobernuaren konplizitatearekin Bortziriak desertu industrial bat bilakatzera daramatenak” dio LABek.
LABetik adierazi nahi dute “Bortzirietako bizitza sozio-laborala hiltzeko arriskuan dagoela, beraz agente politiko, sindikal eta sozial guztien erantzunkizuna da Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialaren bidean lanean aritzea, Bortzirietako etorkizuna bermatzeko”.