Berdintasuna eta kontziliazioa lantzeko jarduerak eginen dira asteotan Bortzirietan

Aitor AROTZENA 2010ko eka. 11a, 16:52

Ortziral eguerdian aurkeztu dituzte jarduerak Lesakako Irain eskolan. Ezker-eskuin: Mikel Viñao, Ana Irastortza, Isidora Agirre, Jokin Apezetxea eta Mikel Bermejo. Aitor AROTZENA

Lesakako Irain eskolan jantoki zerbitzua eskaintzen ari dira ekainean eta irailaen

Berdintasunaren eta kontziliazioaren inguruan egunotan egin behar diren jarduerak aurkeztu ditu ortziral eguerdian Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Lesakako Irain eskolan. Jokin Apezetxea Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, Isidora Agirre Berako udaleko gizarte ongizate zinegotzia, Berako Ricardo Baroja Guraso Elkarteko Mikel Viñao eta Lesakako Irain eskolako guraso elkarteko Ana Irastortza eta Mikel Bermejo izan dira prentsaurrean. Kontziliazioa lantzeko ekitaldien artean, azpimarratu nahi izan dute Irain eskolako Guraso Elkartearen eskariz, jantoki zerbitzua martxan jarri dutela Kontziliazio Itunaren eta INAIren laguntzaz. Gizonezkoen erantzukidetasuna bultzatuz, solasaldia antolatu da ekainaren 21ean Berako Belandetan. Josetxu Ribierak emanen du, gizonezkoen erantzukidetasuna, etxeko lanak eta zainketa gaiari buruz. Honekin batera, gizonezkoak etxeko lanak eta zainketak egiten ageri diren kartelak jarriko dira Bortzirietan, “Ardurak banatu, elkar maitatu” izenburupean. Berdintasunaren inguruan, Irain eskolan egin den margo lehiaketaz eta ttipi-ttapan argitaratu den artikuluaz gain, astelehenean, ekainaren 14an eginen da hurrengo ekitaldia, 18:00etatik aitzinera Lesakako Erabilera Anitzeko Aretoan, Antoiu 27an, eginen den formazio saioa izanen da. Saio honek bi helburu nagusi izanen ditu, berdintasuna gai “abstraktuari” irudia jartzea, alde batetik, eta talde ezberdinekin harremanak sortzea eta indarberritzea, bertzetik. Alde horretatik, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzueteatik, saioan parte hartzeko gonbitea luzatu die Gizarte Eragile ezberdinei (irakasleak, kultur teknikariak, osasun etxeko profesionalak, emakume elkarteak, komunikabideak, politikariak, guraso elkarteak, ordezkari sindikalak, gazte elkarteak…). Berdintasunaren gaia, era ulerterrazean azaltzen saiatuko dira, adibide eta datuak emanez. Asistentzia konfirmatzea ere eskatu dute Gizarte Zerbitzuetatik, ssb@lesaka.net edo 948 635 036 telefonora deituta. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da, horretarako haurren izena aldez aurretik eman beharko delarik. Ekainaren 24an, azkenik, Etxalarko Kultur Etxean, “La costilla de Adan” 1949ko filmea eskainiko dute 19:00etan eta gero afaria izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun