137 langileetatik 56 kaleratzeko espedientea aurkeztu du Berako Savera lantegiak

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 11

Saverako langileek, talde bereko Funverakoekin batera mobilizazioak egin zituzten urtarrilean. TTIPI TTAPA

Langileen Batzordeak batzarra eginen du ortziralean 14:00etan, greba mugagabea proposatzeko

Berako Savera lantegiko 137 langileetatik 56 kaleratzeko espedientea aurkeztu zuen ortzegunean enpresak Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Lan Departamentuan. Igogailuendako gidak egiten dituen enpresako zuzendaritzaren arabera, “produkzioa urteko 25.000 Tona ingurura jautsi delako hartu da erabakia”.

ELAko bederatzi delegatuk osatzen duten Langileen Batzordeak ortzegunean hartu zuen berria eta ekainaren 11n, ortziralean 14:00etan batzarra deitu dute. Bertan, heldu den asteazkenetik aitzinera mugagabeko greba deialdia proposatuko dute, “bidezkoa ez den erabaki honen kontra protesta egiteko”. 

 

Joan den urteko apiriletik EREan

Joan den urteko apiriletik irailera EREa izan zuten Saveran, 54 egun aurrikusi ziren eta 31 erabili ziren. Bigarren EREa urritik aurtengo maiatza bitarte izan dute. Honetan 37 egun eskatu zituen enpresak eta 33 erabili ziren. Urte hasieratik, enpresak jakinarazia zuen, epe hau bukatzen zenean kaleratzeak ere gertatzen ahal zirela, produkzioaren arabera. Enpresak eskuartean zituen datuen arabera, lantegiak aitzinera segitzeko urtean 25.000 Tonako guttieneko produkzioa beharko luke. Produkzio horrekin 52 langile kaleratuko lituzke; 30.000 Tonako produkzioarekin 40 langile eta horren arabera, zenbat eta produkzio gehiago izan langile guttiago kanporatu beharko lituzke.

Zoritxarrez, aurrikuspen hauek bete egin dira enpresak aurkeztutako kaleratze EREarekin. Ortzegunean hasi zen hilabete batez luzatuko den kontsulta epea, baina bere horretan onartuko balitz, 56 langile kaleratuko lirateke Saveran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun