Lesakako hamargarren Mendi Itzulia igandean eginen da

Amaia eta Ainhoa 2010eko ekainaren 11

Ibilbide luzeak 34 kilometro izanen ditu eta laburrak 25 kilometro. TTIPI TTAPA

Beti Gazte elkarteak larunbatean ere izen emateko aukera zabaldu du

Beti Gazte Elkarteak antolatzen duen Lesakako Mendi Itzulia ekainaren 13an, igandearekin, eginen da, aurten hamargarren aldiz.

Bertze aldietan bezala, bi ibilbide izanen dituzte aukeran parte hartzen dutenek: luzea –34 kilometrokoa eta 1.800 metroko desnibela duena– eta laburra –25 kilometrokoa eta 1.200 metroko desnibela duena–.

Ibilbide motza aukeratzen dutenek itzuli hau egin beharko dute: Lesakako plaza (79 metro), Sastrin (433 metro), Amekarrungo ataka (670 metro), Burnaiztegi (714 metro), Bianditz (844 metro), Errenga (780 metro), Ikatzulo (500 metro), Olazar (165 metro) eta Lesakako plaza.

Luzea nahi dutenek, berriz, hauxe: Lesakako plaza (79 metro), Sastrin (433 metro), Amekarrungo ataka (670 metro), Izurriztiko lepoa (783 metro), Artikutza (322 metro), Elizmendi, Eskas (670 metro), Burnaiztegi (714 metro), Bianditz (844 metro), Errenga (780 metro), Ikatzulo (500 metro), Olazar (165 metro) eta Lesakako plaza.

Aurreinskripzioa egin nahi duenak www.mendizmendi.com web orriaren bitartez egin dezake, 12 euro ordainduta. Beti Gazte elkartetik gogorarazi dutenez, irteeran jende-pilaketak ez suertatzeko, nahi duenarentzat inskripzioak eginen dira larunbatean, ekainaren 12an, 17:00etatik 20:00etara Beti Gazte elkartearen egoitzan, Beheko Plaza 9ko lehenbiziko solairuan.

Itzulia, berriz, igande goizeko 07:00etan abiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun