Berako Musika Eskolaren jaialdi berezia arrakastatsua suertatu zen

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 10a

Altzateko plazan emanaldi berezia eman zuten herriko talde ezberdinek. TTIPI TTAPA

300 bat lagunek parte hartu zuten kalejiran eta Altzateko Plazako emanaldian

Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak jaialdia antolatu zuen larunbatean, ekainaren 5ean, Berako Udal Kultur Batzordearen laguntzarekin.

18:30ean kalejira eta poteoa egin zen herriko talde guziekin: banda, abesbatza, txistulariak, akordeolariak eta Musika Eskolako ikasleak. Bi geldiune egin zituzten, Errekalde eta Xuga ostatuetan. Musikariekin batera, ikasleen gurasoak ere karrikaz karrika ibili ziren, 300 bat lagun guzira, zapi gorriak lepoan zituztela.

 

Handik Altzateko Plazara jo zuten, bertan egin baitzen jaialdia. Jubilatuen abesbatzak, Musika Eskolako haurren abesbatzak, udalak eta eskolako gurasoek, bertso eskolak, futbol eta saskibaloi taldeak, musika bandak, Gure Txokoa dantza taldeak, Uxane eta Musika Eskolako Ttikiek eskaini zuten jaialdia, gaueko 22:00ak arte, euria hasi eta bertan behera utzi behar izan baitzuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun