Oraindik aunitzik ez, baina gero eta gehiago zabaltzen ari da kenpo-kai kirola gure eskualdean. Urdazubin eta Beran, erraterako, arte martzial tradizional hau ikasteko aukera badago eta jendea erantzun ona ematen ari da. Izei Gillenea beratarra 11 urterekin hasi zen kenpo-kai ikasten, eta 17 urterekin, «engantxatua» omen dago. Hainbat sari ere lortu ditu etxean nahiz kanpoan eta abuztuan, Japonian jokatuko den Munduko Txapelketan ere parte hartuko du.
ENTRENAMENDUAK
«Astean bi aldiz helduekin egiten ditugu entrenamenduak, ordu bateko saioak astelehen eta asteazkenetan, eta ttikiekin larunbatetan bi orduko saioak»
Futbolari edo pilotari izatea da gaur egungo gazte gehienen ametsa. Ez, ordea, guztiena. Eta Izei Gillenearena (Bera, 1993) ere ez. 17 urte berritan, kenpo-kai maite du beratarrak, eta gure artean sobera aditzen ez den kirola izan arren, bera «engantxatua» dagoela aitortu digu.
Japoniako arte martzial tradizionala da kenpo-kai, eta Gillenearen irudiko, «konpletoa» da. Azaldu digunez, «bertze arte martzial batzuek jo edo lurrera bota bakarrik egiten dute, baina kenpo-kai-k denetarik du: medikuntza, defentsa pertsonala, borrokak, armak...».
Pilota eta futbola gustuko ez, eta herriko kiroldegian zerbait berezia eskaintzekoak zirela jakin zuenean, pentsatu zuen kenpo-kai probatzea. Eta probatu eta gustatu. 11 urterekin hasi zen, eta orain, gero eta gusturago omen dabil. Kirol honetatik batez ere zer gustatzen zaion ere galdetu diogu beratarrari, eta «filosofia» erantzun digu: «bertzeekiko errespetua du eta disziplina ere bai», dio.
Kenpo-kain daramatzan sei urteotan, hainbat garaipen eskuratu ditu gazteak. Eta tartean, 2009ko urrian Espainiako Kenpo Txapelketan jubenil mailan lortutako hirugarren postua. Horrez gain, 2010eko martxoan, Oiartzunen jokatutako Gipuzkoako Txapelketan hirugarren gelditu zen erakusketen atalean. Eskoriatzan jokatu zen Euskadiko txapelketan, berriz, lehenbiziko eta bigarren postuak eskuratu zituen: lehenbizikoa semikontaktuan eta katan, eta defentsa pertsonalean bigarrena. Eta maiatzaren 8an Urdazubin jokatutako Nafarroako Lehenbiziko Txapelketan, lehena izan zen semikontaktuan eta erakusketan; eta bigarrena kata eta al punto delakoan. Izan ere, kenpo-kairen barne hainbat atal daude. Hala nola, kata –forma–, defentsa pertsonala –hainbat modutan erasotu eta norberak defendatu egin behar du–, eta kumitea. Azken honen barrenean, semikontaktua –osagarri guztiekin–, kontaktua –petorik gabe eta hanketan ere jo daitekeenean– eta al punto –ukituz, indartsu jo gabe– bereiz daitezke.
Kenporako duen afizioa familiari ere transmititu dio Gilleneak. Koro ama berekin batera hasi zen kenpo-kain, baina hauen ondotik, arreba ere animatu da. Gaur egun, osaba-izebak ere baditu kirol hau egiten dutenak.
Gustukoena, kenpo-kai
Berako Toki Ona Institutuan egiten ari den Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasketekin tartekatzen ditu Gilleneak entrenamenduak. Ikasketekin «ongi» dabilela erran digu, baina ederki daki beratarrak zer den benetan gustatzen zaiona: «kenpo nahiago dut».
Astean hirutan egiten ditu entrenamenduak: «astean bi aldiz helduekin, ordu bateko saioak astelehen eta asteazkenetan, eta ttikiekin larunbatetan bi orduko saioak». Berako kiroldegian aritzen dira. Baina orain prestakuntza gogorragoak egiten dihardu. Abuztuan –Berako bestetan–, Japoniara joatekoa baita Munduko Txapelketa jokatzera. Hango maila «hagitz altua» den aldetik, ez du saririk lortzeko itxaropen haundirik, baina harat joate hutsa beretzat «garrantzitsua» dela kontatu digu.
Beharbada, aurten ez, baina egunen batean, bere ametsa egi bihurtzea lortuko du: «Munduko Txapelketa irabaztea». Horixe baita Gillenearen benetako ametsa.