Ailegatu zen maiatzaren 23a eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin. Eguraldi ederra iragarria zegoen, eta antolatzaileak jendea bilduko zela itxaropentsu zeuden bezperan. Horrela gertatu zen: eguraldi ezin hobea eta mendizale aunitz herriko mendi tontor eta magaletan. Goiz batez herriko populazioa bikoiztu zen, 700etik goiti lagunek eman zuten izena Arantzako zirkoa egin nahirik, eta 704k akautu zuten Itzulia.
06:30 baino lehen eguna girotzen hasia zen eta 08:00 arte jende purrusta hurbildu zen txartelak eske. Ibilgailu erreldoa Sanjosetik behera zegoen, gorago pasatzea ez baitzuten uzten eta hortaz, bat baino gehiagok entrenamendu eta beroketarako astirik izan zuen Mendi Itzulia egin aitzinetik.
Eguraldi sanoa, goiz giro egokia… Baina eguerdi aldera, termometroko merkurioak gora egin zuen, bero ederra bota baitzuen. Jan edariak ailegatu ziren, antolatzaileak adi egon baitziren. Ura akautu zen eta gehiagoren bila joan behar izan zuten, ehunka litro edan baitziren. Gainerakoan, itzulia mantsoago egin zutenek ere plazan bazuten jatekoa.
Eskerrak
Ingurukoak eta Euskal Herriko hainbat tokitako lagunak bildu dira aurten ere. Zerbait nabarmentzekotan, antolatzaileen ahotan, gero eta gazte gehiago animatzen dela itzuli hauetara. Herritarren nahiz ingurukoen borondatea ere ez da ttikia izaten egun honetan. Ekaitza Elkarteak antolatzen badu ere, Gazte Asanblada, Udala, mendi postuetako boluntario, ostatu nahiz bertze zerbitzuetako eskuzabaltasunak bat eginik, egun borobila atera zen. Eta antolatzaileek lagundu eta parte hartu duzuen guztiei eskerrik asko emateko lerro hauek baliatzeko eskatu digute. Zorionak eta hurrengoaren esperoan egonen gara. Oraindik itzulia osorik egin ez dugunok bi urte ditugu prestatzeko!
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!