2011n bukatuko da ura aurrezteko eta ibaiak hobetzeko abian den programa

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 7a

Udala eta CRANAren hitzarmena da

Udal instalakuntzetan ura aurrezten lagundu eta ibai eremuaren egoera berreskuratu edota hobetzeko helburuarekin lanean ari da Udala, CRANArekin (Nafarroako Ingurumen Aldeko Baliabide Zentroa) aurten sinatutako akordioaren bidez. Europako Hego-mendebaldeko Uren eta Ibaien Tokiko Kudeaketa Parte-hartzailea deritzon Sud’eau egitasmoaren baitan dago hitzarmena.
Hainbat fasetan egiten ari da: hasiera, diagnostikoa, jarduera neurriak eta itxiera. Eta aurten hasitako lana, heldu den urtean bukatzea da asmoa. Hemendik aitzinera, ekainean, CRANA, Udala eta ikerketa egiten ari den Haizea ingurumen enpresa berriz biltzekoak dira; urrian eta azaroan herritarren parte-hartze tailerrak eginen dira, abenduan jarraipen bilera, eta 2011ko ilbeltzean herritarrei aurkezpen bilera eginen zaie.

Diagnostikoa
Diagnostikoa egiterakoan, edateko uraren egoera aztertu da, eta inguru euritsua izan arren, kudeaketa eta erabilera ez dela «ez egokia, ez eraginkorra» ageri da Haizea ingurumen enpresaren lehen ondorioetan. Sareek ihesak dituztela, gordailuak egoera  daudela eta gastua ez dela egokiro kontrolatzen ere ondorioztatu da, eta «kontsumo-guneetan erabilera ez dela oso eraginkorra».
Eraginkortasuna hobetzeko ikuskapen bat egin da Ricardo Baroja ikastetxean, kiroldegian, futbol-zelaian eta igerilekuetan eta hainbat gabezia antzeman zaizkie.
Bertzalde, Bidasoa ibaiaren inguruan ere hainbat esparru aztertu dira. Eta bertzeak bertze, zati batzuetan flora eta faunaren garapena muga dezaketen gai kutsatzaileak badaudela ikusi da, ibaiertzeak degradatuak daudela ere bai, eta Nazas eta zentraleko presan espezie migratzaile batzuentzat igaro ezinezko oztopoak daudela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun