Beti Gazteko infantil mailako futbol taldea Nafarroako txapeldun suertatu da

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 7a

Beti Gazteko infantilak, kontent, txapeldunaren kopa eta dominak jaso ondotik. TTIPI TTAPA

Larunbatean jokatutako final estuan 3-2 irabazi zion Tuterako Lurdes-i

Lesakako Beti Gazte futbol taldeko infantilek Nafarroako lehen mailako XXIII txapelketa irabazi dute, larunbatean Beriainen jokatutako finalean Tuterao Lurdes taldeari 3 eta 2 irabazita.

Eguraldi sargoria izan zuten larunbat arratsaldean eta beroari hobe egokitu zitzaion Tuterako taldea eta aitzinetik jarri zen markagailuan, 0-1. Emaitza horrekin ailegatu ziren atsedenaldira, baina bigarren zatia hasi bezain abudo, Unai Telletxea igantziarrak egin zuen berdinketaren gola. Baina pozak gutti iraun zion Beti Gazteri, Tuterakoek berriz ere gola sartu baitzuten. Borrokan segitu zuten Beti Gazteko jokalariek eta partida bukatzeko sei minutu falta zirela, berdintzea lortu zuten, Kevin Alongoren golaren bitartez. Bi taldeetan nekea nabarmena zen, eta edozeinek irabaz zezakeen, baina arauzko denbora betetzear zenean, berriz ere Unai Telletxea igantziarrak gola egin zuen. Handik guttira partidaren bukaera adierazi zuen epaileak. Kirolean beti gertatzen den bezala, Beti Gaztekoak pozez gainezka eta Lurdesekoak triste, kasik partida guziab aitzinetik izan eta azken orduan ihes egin baitzien garaipenak.

Beti Gaztekoek txapeldunaren kopa eta dominak jaso zituzten. Joxe Luis “Zikiro” Altzugarai eta Fred Ramos entrenatzailearen erranetara, Gorka Sanjurjo, Andoni Arriola, Xabi Etxenike, Joseba Bertiz, Ibon Txoperena, Kevin Alongo, Aitor Alzugarai, Koldo Ordax, Jon Erro, Jon Ubiria, Unai Telletxea,  Beñat Lopez, Ander Legasa, Bixen Telletxea, Joel Oronoz eta Imanol Iturria aritu ziren. Beñat Abuin, Iñigo Azkarate, Bittor Etxabide, Xabier Etxegarai, Xuban Larretxea, Jon Olaizola eta sier Sanchez ere aritu dira Beti Gazteko infantilen taldean, denboraldi bikain honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun