Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak jaialdia antolatu du larunbatean, ekainaren 5ean, Berako Udal Kultur Batzordearen laguntzarekin.
18:30ean kalejira eta poteoa eginen da herriko talde guziekin: banda, abesbatza, txistulariak, akordeolariak eta Musika Eskolako ikasleak. Bi geldiune eginen dituzte, Errekalde eta Xuga ostatuetan.
20:00etan jaialdia hasiko da Eztegara pilotalekuan. Jubilatuen abesbatzak, Musika Eskolako haurren abesbatzak, udalak eta eskolako gurasoek, bertso eskolak, futbol eta saskibaloi taldeak, musika bandak, Gure Txokoa dantza taldeak, Uxane eta Musika Eskolako Ttikiek eskainiko dute jaialdia. Eguraldi txarra eginen balu, kalejira bertan behera geldituko litzateke eta ekitaldia Eztegara pilotalekuan eginen zen.
Musika Eskolako ttikiek “Berako trena” eta “Lagunen dantza” eskainiko dute, Uxanekoek “Maritxu nora zoaz” eta “Itxasontzi baten”, Udalak eta Musika Eskolako gurasoek “Araban bagare” eta “Egunda santimamiña”, Bortzirietako bertso eskolak “Maiteak galde egin zautan” eta “Kupela”, Berako Musika Bandak “Iñaki” eta “Agur Zuberoa”, erretiratuen abesbatzak “Nere herriko neskatxa maite” eta “Loriak udan”, Gure Txokoa dantza taldeak “Arratsalde honetan” eta “Guk euskaraz”, Musika Eskolako abesbatzak “Gora ta gora beti” eta “Berako Musika Eskola”, saskibaloi eta futbol taldeak “Aitormena” eta “Konpostelako erromesa” eta Berako Abesbatzak “Loretxoa” eta Furra Furra”.