Doneztebeko Enplegu Bulegoan 1.094 lagunek emana zuten izena maiatz hondarrean, martxoan baino 55 guttiagok. Oraindik langabetu kopurua hagitz handia da, baina maiatzean %4,79 beheiti egin zuen eskualdean, Nafarroa osoan dauden hamar lan bulegoetako portzentairik altuena eta Nafarroako %1,60ko banaz bertzeko jautsiera baino aunitzez gehiago.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 319 kontratu gauzatu ziren maiatzean, baina horietatik 35 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
25 urtetik beheitiko gizonetan langabezia goiti
Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitikoen artean somatu da gehien jautsiera maiatzean; gizasemeetan 505etik 457ra jautsi zen langabetu kopurua apirilean eta adin tarte horretako emakumeen artean, 504tik 491ra. 25 urtez beheitikoen arteko gizasemetan aldiz, 87tik 102ra igo da langabetu kopurua eta emakumeetan, aldiz, 53tik 44ra jautsi zen.
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak dauka, alde handiarekin, langabetu gehien, baina maiatzean jautsiera handiena somatu duena ere arlo horixe izan da,635etik 606ra jautsi baita, 29 guttiago. Industrian ere 8 lagun guttiago daude lan gabe, 246. Eraikuntzan ere dexente beheiti egin du langabeziak, 163 langabetutik 146ra jautsi baita; nekazaritzan, 24tik 19ra jautsi da langabetu kopurua eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, aldiz, 77 langabetu ziren maiatz hondarrean, apirilean baino 4 gehiago.