Joseba Iturbide preso lesakarra aske gelditu da inolako kargurik gabe

TTIPI TTAPA 2010eko ekainaren 3a

Espetxean eman duen denboragatik ardurak eskatu ditu Aralarrek

Joseba Iturbide preso lesakarra aske gelditu zen ekainaren 1ean, astearte arratsaldean, inolako baldintza eta kargurik gabe. Arratsaldean atera zen Valdemoroko kartzelatik eta asteazken goizaldeko 03:00etan ailegatu zen herrira. Bertan, lagun eta senideak zituen esperoan. Joseba Iturbidek bi urte baino gehiago eman ditu espetxean. 2008ko otsailean atxilotu zuten Donibane Lohizunen eta urte hartako apirilean Espainaratu zutenetik.

Aralarrek elkartasuna agertu nahi izan dio Iturbideri, baina “elkartasunaz gain dagoen sufrimendua ez du ahantzi nahi”, eta kartzelan eman duen denbora dela eta ardurak eskatu ditu: “Bi urte baino gehiago eman du kartzelan, bereziki beretzat, baina baita inguruarentzat ere horrek dakarren kalte guztiarekin”. Espainiako estatuak “gehiegikeriaz” jokatu duela uste du Aralarrek, eta “ardurak” eskatu ditu. “Bi urtez atxilotuta, ETAkide izatearen akusaziopean egon den pertsona bat inolako kargurik gabe askatu eta Espainiako estatuak ezin du jokatu deus gertatu ez balitz bezala. Kalte-ordaina zor zaio”.

Aralarren irudiko, horrek agerian uzten du, bertze behin, “Espainiako estatuarentzat guztiak balio duela ETAren kontrako borrokan”. Tortura salaketak ikertu gabe gelditu direla ere salatu du Aralarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun