Ikasturtea bukatu eta uda ailegatzearekin batera, udaleku irekietan parte hartzeko aukera izanen dute neska-mutikoek Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan. Aurten ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Dindaia Fundazioak antolatu dute eta uztailean eta abuztuan izanen dira.
Adinaren arabera, bi multzotan banatuko dira gaztetxoak. 3-7 urte bitartekoek euskara eta aniztasuna landu, eta antzerkiak, eskulanak, jolasak eta txangoak eginen dituzte, bertzeak bertze. Kozkorragoak direnentzat, berriz, 8-12 urtekoentzat, eskaintza berezia egin dute, sormen eta gorputz tailerrak prestatu baitituzte: olinpiadak, ura eta naturarekin esperimentatu eta jolastu, sukaldean esperimentatu, elementu birziklatuak sortu, tailerrak (txapa tailerra, kamisetak diseinatu...) eta abar.
Arantza, Bera eta Etxalarren uztailaren 5etik 30era eginen dira udalekuak, eta Lesakan, uztailaren 12tik abuztuaren 6ra. Astelehenetik ortziralera, 10:00etatik 13:00etara izanen da.
izen-ematea
Interesatua dagoenak maiatzaren 31tik ekainaren 11ra bitarte eman beharko du izena, Dindaia Fundaziora deituta (948 277620 telefonora 10:00etatik 15:00etara) edo info@dindaia.comera idatzita.
Ume bakoitzeko prezioa 70 eurokoa izanen da eta bi anai-arrebena 120 euro ordaindu beharko da. Hiru senide izanez gero, berriz, 150 euro. Dena den, ordainketa egin baino lehen, izena emateko deitu edo idatzi beharko da.
Taldea egiteko guttieneko haur kopurua zortzikoa izanen da.