Boluntario taldeen lana indartzeari ekin diote Bortzirietan. Eta helburu horrekin lehenbiziko bilera egin zuten maiatzaren 13an Berako Herriko Etxean, Berako udal ordezkariek, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek eta Lesakako Nagusilan eta Berako Elkarizan boluntario taldeetako kideek.
Lesakako Nagusilan taldeak adinekoei eskaintzen die laguntza eta Alonso Obeso buru dutela, hiruzpalau boluntario biltzen dira. Berako Elkarizan taldean ere adineko jendearekin ateraldiak antolatzen dituzte.
Aipatu bileran, boluntario taldeen egoera aztertu zuten eta asmoa bi taldeak indarberritzea da eta, aldi berean, jende berria biltzea. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik gogoratzen dutenez, boluntario talde hauek hainbat lan egin ditzakete eta norberak aukera dezake bere denbora zertan eskaini: ezinduekin kanpaldiak, aisialdia eta denbora librea; beharra dutenentzat garraio zerbitzua eskaini; eskola laguntza; Saharako haurrak hartu; ospitaletan laguntza eman; adinekoekin egon...
Bigarren bilera ekainaren 8an eginen dute Berako Gure Txokoa elkartean. Boluntarioen zerrenda ere berritu nahi dute eta bilerara joateko interesa dutenek 948 635036ra deitzen ahal dute edo bertzela, ssb@lesaka.net helbidera idatzi.