Arantzako Mendi itzulia maiatzaren 23an eginen da

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 21a

Ibilbidean eta helmugan hornidura eta osasun zerbitzuak eskaintzeko postuak paratuko dira. TTIPI TTAPA

30 kilometro izanen ditu, 2 gehiago Mendaurrera igotzen direnendako

Bi urtetik behin egiten den Arantzako ibilaldiarekin hasiko dute mendiz-mendiko itzulia mendizaleek. Elkaitza Elkarteak antolatutako Arantzako Mendi Itzulia maiatzaren 23an eginen da, igandearekin. Herriko plazatik abiatu eta leku berean emanen zaio akabera. Bitartean, Arrata errekatik jautsiz, Aranibar baserria, Unanu, Itsaszelaita, Izu, Oilargata, Ibintza, Ekaitza, Illurdi, Mendaur (aukerakoa), Mairubaratza eta Zepuruko tontorrak pasatuko dituzte parte-hartzaileek.

Guztira 30 kilometroko itzulia izanen da, baina Mendaurrera joateko hautua egiten dutenek kilometro pare bat gehiago. Desnibela, berriz, 1.550 metrokoa izanen da. Ohi bezala, ibilbidean hornidura eta osasun zerbitzuak eskaintzeko postuak paratuko dira.

Izen-emateko bi aukera daude: egun berean, 06:30etik 08:00etara, eta 12 euro ordainduta, edo www.menditzulia.com atarian. Ibilbidea 07:00etatik 08:00etara hasiko da.

Parte hartzaile bakoitzari dagokion txartela irteerako kontrol postuan emanen zaio eta hura erakutsi beharko du gainerako kontrol postuetan. Bukaeran, parte hartzaile bakoitzari oroigarri bat emanen zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun