Maiatzaren 17an Beran abiatuko da institutuetako musika ikasleen kontzertu zikloa

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 17a

Doneztebe, Leitza eta Lekarozko institutuetako musikariek heldu den astean izanen ditute emanaldiak. TTIPI TTAPA

Eztegara pilotalekuan, astelehenean 17:30ean hasiko dira Toki-Ona institutukoak eta Mendillorri eta Altsasukoak

Kontzertuak eskaintzeko elkartuko dira mendialdeko institutuetako ikasleak aurten ere. Baina aldi honetakoa ez da bertze urtetakoaren berdina izanen, institutuak bi multzotan banatuta eskainiko baitituzte kontzertuak: alde batetik, Lekaroz, Doneztebeko Mendaur eta Leitzako Amazabal institutuetako ikasleak bilduko dira, eta bertzetik Berako Toki Ona, Mendillorri eta Altsasuko ikasleak. Sei instituturen arteko ekimena izaki, seiak elkartzeak luzeegi joko lukeelakoan erabaki da aurten bitan banatzea.

 

Lehen multzoa

Bera, Altsasu eta Mendillorrikoen saioak maiatzaren 17an, astelehenean hasiko dira. Egun horretan Berako Eztegara pilotalekuan eginen da emanaldia, 17:00etan. Bigarrena Altsasuko kiroldegian eginen dute maiatzaren 28an, 17:00etan; eta hirugarrena eta azkena ekainaren 4an Uharteko frontoian, hau ere 17:00etan.

Hiru institutuak eskualde diferentetakoak izanik, aurten berrikuntza gisa, talde bakoitzak bere inguruko dantza bat eskainiko du bertzeen aitzinean. Berako Toki-Onakoek, erraterako, inude eta artzainena aukeratu dute. Horrekin batera, publikoarekin batera, txalo-polka egiteko asmoa ere badute.

 

Bigarren multzoa

Doneztebe, Leitza eta Lekarozko institutuetako ikasleen saioak bat bertzearen ondotik eginen dira: Doneztebeko emanaldia frontoian izanen da maiatzaren 26an; Leitzakoa ere frontoian eginen da, maiatzaren 27an, eta Lekarozkoa kiroldegian, maiatzaren 28an. Hiru kasuetan 17:00etan hasiko dira kontzertuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun