Nafarroako Kirol Jolasen barnean mendi ibilaldietako finala eginen da igandean Beran

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 14a

Itxaro Errandonea eta Naia Esnaola, mendiko orientazio probaren finalean. TTIPI TTAPA

Ibardinetik abiatuko dira mendizale gaztetxoak eta adinaren araberako ibilbideak eginen dituzte

Nafarroako Kirol Jolasen barne, Nafarroako Mendi Federaziok hainbat proba antolatzen ditu gaztetxoentzat. Eta horietako bat,  mendi ibilaldietako finala, eginen da Beran igande honetan.

Larun Mendi taldeak antolatu du eta 10 eta 17 urteko neska-mutikoek har dezakete parte. Ibardinetik abiatuta, Landagaita eta Larunetik pasatuz, berriz herrira bueltatuko dira, 13 kilometroko ibilbidea egindakoan. Ttikienek, aldiz, 8 kilometroko ibilbidea izanen dute, Landagaitatik herrira jautsiko baitira. Helmugaratzean, jan-edanaz gain, jokoak izanen dira.

Gogoratu behar da Kirol Jolasen barrenean, mendiko orientazio proben finalak egin zirela apirilaren 18an Altsasun eta jubenil mailako nesken kategorian, Naia Esnaola eta Itxaro Errandonea beratarrak txapeldun eta azpitxapeldun izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun