Liburuak, bideoak, DVDak, CDak, aldizkariak, ordenagailuak... Denetarik aurki daiteke eskolako mediaketa berrian. Momentuz eskolakoen eskura dago, baina zerbitzua herri osoari eskaintzea da asmoa.
Irakurketaz gozatu eta liburuak zaindu, mediateka baten antolakuntza eta erabilera ezagutu eta mediateka informazio-iturri gisa erabiltzeko helburuarekin hasi ziren irakasleak proiektua garatzen. Eta ikasleekin eta gurasoekin elkarlanean egin dute, aitzinetik bertze tokietako liburutegien funtzionamendua nolakoa den ikasita. Behin hori eginda, bigarren eta hirugarren zikloko ikasleak funtzionamendua zehaztu eta ia 2.000 liburu sailkatu dituzte. Lehen ziklokoak eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, apainketaz arduratu dira, eta irakasle eta gurasoak liburuak ordenagailuan katalogatzeaz.
Egindako lanak, gainera, saria ekarri du. Nafarroako Gobernuak irakurketa indartzeko antolatutako sariketan, 250 euro eman baitizkio eskolari. «Saria ongi etorri zaigu liburu batzuk erosteko», aipatu digute eskolakoek. Baina gaineratu dutenez, «orain arte 1.000 liburu baino ez ditugu katalogatu» eta denen laguntzarekin, lan guztia heldu den urtean akautzea espero dute.
Emaitzarekin gustura daude: «sekulako lana egin dugu». Gainera, euren irudiko, «ikasleek, izugarrizko motibazioarekin ekiten diote irakurtzeari eta dudarik ez egin, ikasterakoan lagungarria izanen zaiela».