Herriko gazteen arteko harremana hobetu, euskara bultzatu eta Gaztetxe autogestionatua jendeari hurbiltzeko helburuarekin, Gazte Eguna antolatu du Kaxerna Gaztetxeak larunbaterako, maiatzak 15.
10:00etan hasiko dute eguna Gaztetxean. Aurkezpenen ondotik, talde bakoitza hirutan banatuko da: batzuk murala egin beharko dute; bertzeek bazkaria –aurten librea– eta hirugarren multzoak bortz minutuko bideo bat prestatu beharko du. 13:30ean grabatutako bideo horien emanaldia eginen da eta gero bazkaria. 16:00 aldera jokoak egitera jautsiko dira herrira kalejiran, eta furgoneta batekin poteo bat eginez, jokoak herrian barna eginen dira. Bukatzeko, 19:30ean luntxa eta kontzertua izanen dira Gaztetxean.