Igantziko eskolan egin duten mediateka herritar guztien eskura paratu nahi dute

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 12a

Eskolako ttikienak, mediatekaren apainketaz arduratu dira. TTIPI TTAPA

Guraso, ikasle eta irakasleek egin dute eta 250 euroko saria eskuratu dute Nafarroak Gobernutik

Liburuak, bideoak, DVDak, CDak, aldizkariak, ordenagailuak... Denetarik aurki daiteke Igantziko eskolako mediaketa berrian. Momentuz eskolakoen eskura dago, baina zerbitzua herri osoari eskaintzea da asmoa.

Irakurketaz gozatu eta liburuak zaindu, mediateka baten antolakuntza eta erabilera ezagutu eta mediateka informazio-iturri gisa erabiltzeko helburuarekin hasi ziren irakasleak proiektua garatzen. Eta ikasleekin eta gurasoekin elkarlanean egin dute, aitzinetik bertze tokietako liburutegien funtzionamendua nolakoa den ikasita. Behin hori eginda, bigarren eta hirugarren zikloko ikasleak funtzionamendua zehaztu eta ia 2.000 liburu sailkatu dituzte. Lehen ziklokoak eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, apainketaz arduratu dira, eta irakasle eta gurasoak liburuak ordenagailuan katalogatzeaz.

Egindako lanak, gainera, saria ekarri du. Nafarroako Gobernuak irakurketa indartzeko ekimen berritzaileak saritzeko antolatutako sariketan aipamen berezia eta 250 euro eman baitizkio eskolari. «Saria ongi etorri zaigu liburu batzuk erosteko», aipatu digu Joxean Ortegak, Igantziko eskolako zuzendariak. Baina gaineratu dutenez, «orain arte 1.000 liburu baino ez ditugu katalogatu» eta denen laguntzarekin, lan guztia heldu den ikasturtean edo hurrengoan akautzea espero dute.

Emaitzarekin gustura daude: «sekulako lana egin dugu». Gainera, euren irudiko, «ikasleek, izugarrizko motibazioarekin ekiten diote irakurtzeari eta dudarik ez egin, ikasterakoan lagungarria izanen zaiela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun