"Atera zukua Larun Haizperi" promozio kanpaina abiatu da Beran maiatzaren 10etik 23ra

TTIPI TTAPA 2010eko maiatzaren 10a

Komertzioak eta zerbitzuak dituen herrian, bizirik dagoen herria dela uste du Larun Haizpe elkarteak. TTIPI TTAPA

Komertzianteen Elkarteak 50 euroko 50 erosketa-bono eta 200 euroko bat zozketatuko du bezeroen artean

“Atera zukua Larun Haizperi” promozio kanpaina abiatu du Berako Larun Haizpe komertziante eta zerbitzu eta ostalaritza enpresen elkarteak. Nafarroako Gobernuaren laguntza duen kanpaina hau maiatzaren 10tik 23ra eginen da eta elkarteak 2.700 euro zozketatuko ditu bezeroen artean, 50 euroko 50 bonotan eta 200 euroko bertze bono berezi batean banatuak. Bi aste horietan elkarteko establezimendutan erosketak egiten dituztenek erosketa-bono hauen zozketan parte hartzeko txartelak eskuratuko dituzte. Zozketa maiatzaren 24an eginen da eta saridunek hilabeteko epea izanen dute bono horiek erabiltzeko.

“Komertzioak eta zerbitzuak dituen herria, bizirik dagoen herria da”. Esaldi horrexek laburbiltzen du Larun Haizpe elkarteko kideen pentsamendua eta xede horrekin, Beran kontsumitzera animatzen ditu herritarrak. “Bera herri bizia izatea denon esku” dagoela azpimarratu dute.

 

Urteko batzarra

Bertze aldetik, astearte honetan, maiatzaren 11n, elkartearen urteko batzarra eginen dute Gure Txokoa elkartean, 20:15ean lehen deialdian eta 20:30ean bigarrenean. Batzar honetan, lanean bi urtez aritu direnez, Larun Haizpe elkarteko zuzendaritza batzordea berrituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun