Aurtengo Sanesteban bestetako kartel lehiaketara lanak aurkezteko deialdia zabaldu du Berako Kultur Batzordeak. Lanak ekainaren 4ko eguerdiko 13:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira Herriko Etxeko bulegoetan. Nahi duen guziak parte hartu ahal izanen du lehiaketan, eta nahi hainbertze lan aurkeztu ahal izanen ditu. Azalean Berako Sanesteban Bestak 2010 testua agertu beharko da nahitaez eta ez du bertzelako testurik eramanen. Berako besta giroa islatuko du azalak eta jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketa batean saritu gabeko lana izanen da.
Formatuari dagokionez, argazkia edo kartela kolorezkoa izanen da, ez da diapositibarik onartuko, paperean aurkeztuko da, eta bertikala izanen da, 18x24 zentimetrokoa. Argazkia edo diseinua ez da inongo euskarriren gainean paratuko. Ahal den neurrian aurkeztutako lanak Cd-an edo disketean ere eranstea eskertuko da.
Gisa honetako lehiaketetan oghikoa denez, aurkeztutako lanaren gibelean goitizen bat baino ez da paratuko, eta aparteko gutun-azal batean erantsiko dira egilearen datuak, kanpoko aldean goitizena paratuz. Gutun-azalaren barrenean honako datuak agertu beharko dira ezinbertzean: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, nortasun-agiria eta posta elektronikoa.
Epaimahaia Berako Kultur Batzordeak izendatuko du eta lehiaketaren erabakia bakarra izanen da eta ezin izanen da inola ere helegiterik paratu. Lanak ez dira itzuliko. Sarituak izan ez diren lanak Udalak Bestetako programan erabiltzeko eskubidea bere egiten du, betiere egilea nor den adieraziz.
Sari bakarra izanen da, 300 eurokoa, baina epaimahaiak lehiaketaren saria eman gabe uzteko eskubidea du.
Aipatzekoa da San Esteban bestak antolatzeko bigarren bilera maiatzaren 4ean egin zela.