Aste honetan epaitzen ari dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastian lesakarrak. Fiskalak Barajasko T4ko atentatuan parte hartu izana egozten badie ere, apirilaren 30ean Iruñean egindako prentsaurrekoan, Bortzirietako hainbat kargu publikok eta herritarrek oroitarazi zuten Portuk eta Sarasolak torturatuak izan zirela salatu zutela 2008ko urtarrilean ustez aitorpen horiek egin zituztenean. Josu Irazoki Berako alkateak salatu zuen Auzitegi Nazionala ez dela zilegizko epaitegia, eta epaiketaren aurkako mobilizazioen berri eman zuen. Guardia Zibilak 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu eta 17 ordura tortura zantzu nabarmenekin eraman zuten Igor Portu Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatera. Saihets bat hautsia, birika zulatua, pleura isuria eta gorputz osoa ubeldua eta puztua bazuen ere, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak ukatu egin zuen torturatua izan zela. Inkomunikazio aldia bukatzean, torturatuak izan zirela salatu zuten Portuk eta Sarasolak, eta Donostiako Fiskaltzak sinesgarritasuna eman zien salaketei. Otsailean, bi lesakarrak torturatu izana egotzi zien lau guardia zibili. Joan den ortziralean, Josu Irazokik azaldu zuen “alarma soziala” piztu zuela gertaerak eskualdean eta “begi asko» irekitzeko balio izan zuela. Adierazi zuen frankismo garaiko Orden Publikoko Auzitegiaren jarraipen hutsa baino ez dela Auzitegi Nazionala, milaka “torturatu ikusi dituelako eta ez duelako ezer egin”. Haren ustez, errepresioaren bideak ez du inora eramaten, eta eskatu du bertan behera geldiaraztea “jazarpenerako tresneria”. Epaiketa dela eta, Lesakan hainbat ekimen egingo dituzte: astelehenean, herri batzarra egin zen; asteazkenean, elkarretaratzea eginen da 19:00etan; eta larunbatean, manifestazioa, 20:00etan.
Zaine Rekondo lesakarrak gogorarazi zuen ortziraleko prentsaurrean Joxe Arregiren heriotzatik gaurdaino “milaka» herritar torturatuak izan direla, “tortura ez baita nahigabean gutxi batzuekin gertatzen den zerbait. Euskal Herrian sistematikoa da, maizegi izaten dugun egia gordina”. Pertsona suntsitzea eta txikitzea bilatzen duen praktika horren aurka, gizarteari “aski da” aldarrikatzeko deia egin zion. Rekondok berak “bortz egun eta bortz gaueko amesgaiztoa” izan zuen 2005ean. “Atxilotu bitartean hainbeste aldiz irakurria eta aditua neure larruan sufritu nuen” adierazi zuen. Gizarteari oroitarazi dio estatuak “errudun” bilakatu nahi izaten duela torturatua, gezurtitzat joz. “Baina gutako bakoitzak badaki egiaz zer gertatu den eta irmoki erran nahi dugu guk ez darabilgula inongo eskulibururik”.
Deklaratzeari uko egin zioten
Astelehenean hasi zen epaiketa, eta hiru lesakarrek uko egin zioten deklaratzeari, Espainiako Auzitegi Nazionalak torturak ahalbidetzen dituela eta “faxista” dela arrazoituta. 09:30erako jarria zuen auzitegiak epaiketari hasiera emateko hitzordua, baina akusatuta dauden hiru presoak ez zituzten 10:15 arte sartu epaiketa gelan. Saiora joan ziren senide eta lagunak irribarreekin agurtu, eta akusatuen hitzekin hasi zen ahozko saioa. Hirurek egin zioten uko deklaratzeari. «Ez dut auzitegi faxista hau ontzat ematen, eta ez dut deklaratuko», erran zion epaimahaiari Mattin Sarasolak. Igor Portuk, epaiketa gelan azaldu beharko lituzkeenak tortura salaketan erran zituela adierazita egin zion uko deklaratzeari. Mikel San Sebastianek torturak ahalbidetzea leporatu zion Auzitegi Nazionalari.