Txoko-Txiki ipuin eta ilustrazio lehiaketaren hogeita zazpigarren edizioa antolatu du Lesakako Tantirumairu ikastolako Otxogorrienea Guraso Elkarteak, Lesakako Udalaren laguntzaz, 6 eta 12 urte bitarteko herriko ikasleei zuzendua. Ipuinen kasuan, “Kaxa baten ipuina” gaia izanen du eta ilustrazioen gaia, beriz, idatzi duzun ipuinaren azala ilustratzeko marrazkia. Kasu honetan Din A4 neurrian aurkeztu behar dira marrazkiak, nahi den teknika erabiliz.
Lan guztiak goitizenez sinatuko dira eta aparteko orri batean, egilearen izena, adina, maila eta helbidea idatziko dira. Dena kartazal batean sartu ondoren, maiatzaren 10a baino lehen ikastolara igorriko dira. Xehetasun gehiago, www.lesaka.net webgunean.