Nafarroako Kirol Jolasetako orientazio proban gailendu dira Berako bi neska

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 29a

Itxaro Errandonea eta Naia Esnaola, mugarri batean eta podiumean. TTIPI TTAPA

Naia Esnaola txapeldun eta Itxaro Errandonea azpitxapeldun izan ziren jubenil mailan

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, Nafarroko Mendi Federazioak antolatzen duen orientazio proben finalak burutu ziren apirilaren 18an Altsasuko Dantzaleku zelaietan. Alebin kategoriatik hasi eta jubenilak bitarte aritu ziren mendiko modalitate berezi honetan, tartean Berako Larun Mendi eta Lesakako Beti Gaztekoak. Mapa baten laguntzaz, baliza edo mugarriz betetako ibilbidea osatu behar zuten mendizale gaztetxoek, mugarri horietako bakoitzean berekin eramaten duten paperean, zegokion laukitxoan marka eginez. Behin ibilbidea osatu eta laukia betetakoan, helmugaratu ziren.

Aipatzekoa da jubenil mailako nesken kategorian, Naia Esnaola eta Itxaro Errandonea beratarrak txapeldun eta azpitxapeldun suertatu zirela.

 

Mendi ibilaldietako finala maiatzaren 16an Beran

Orientazio proba ez ezik, mendi ibilaldien proba ere egiten da Nafarroako Kirol Jolasetan eta maiatzaren 16an Beran eginen da modalitate honetako finala. Berako Larun Mendik antolatuko du eta 10 eta 17 urteko neska-mutikoek har dezakete parte. Antolatzaileek hamar bat autobus espero dituzte eta partehartzaileak Ibardinetik abiatuta, Landagaita eta Larunetik pasatuz, berriz ere Berara bueltatuko dira, 13 kikometroko ibilbidea eginez. Ttikienek ibilbide laburragoa izanen dute, 8 kilometrokoa, Landagaitatik zuzenean Berara jautsiko baitira, Larunera igo gabe.

Mendizale guziak helmugaratzen direnean beraien bokatak janen dituzte, eta jokuak eta txokolatada ere izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun