Berako eta Beasaingo musika banden topaketa eginen da igandean Beran

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 29a

Berako musika bandak harrera eginen dio Beasaingo Loinatz Musika eskolakoari igandean. TTIPI TTAPA

Lehenik kalejira eginen dute eta gero, 12:30ean kontzertua

Musikarekin zerikusia duten ekitaldi ugari izanen dira maiatzean Beran, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolaren 30. urteurrena ospatuz. Hasteko, igande honetan, maiatzak 2, Beasaingo Loinatz Musika Eskolako bandaren eta Berako musika bandaren arteko topaketa eginen da Beran. Kalejiraren ondotik, kontzertua eskainiko dute Musika eskolan 12:30ean.

Lehenik, Josu Goiak zuzentzen duen Berako Musika Bandak, Elmer Bersteinen “The magnificent seven”, Molinaren moldaketak dituen “Medley Boleros”, Fernandez Moralesen “La morena de mi copla” eta Bert Meyes-en moldaketak dituen “Benny Goodman” joko ditu.

Ondotik, Beasaingo Loinatz Musika Eskola Publikoko bandak, Aitor Mitxelenaren zuzendaritzapean, Brian Conneryren “The Champions”, Steff Mineboren “Catch the tune”, Jan Van Kracydonck-en “I will survive”, Victor Lopezen moldaketak dituen “The lion sleeps tonight” eta John Wassonen moldaketak dituen”Best of the 80’s Pop” joko ditu. Emanaldia bukatzeko, bi bandek elkarrekin, Bernaets-en moldaketak dituen “Gladiator” eta Arroitajauregiren “Gerekarena” joko dute.

 

Entzunaldiak

Maiatzaren 11n piano entzunaldia izanen da 17:30ean Musika Eskolan eta hilaren 12an txistu, perkusio, klarinete, saxo eta tronpeta entzunaldia 18:00etan. Maiatzaren 25ean trikitixa eta akordeoi en­tzunaldia izanen da 17:30ean.

 

Erakusketa

Aipatzekoa da ekainaren 17ra arte Isidoro Fagoaga musika eskolaren 30 urteak biltzen dituen argaz­ki erakusketa ikusgai dagoela, astegunez 16:30etik 19:00etara. Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolak Berako Kultur Batzordearen laguntza izan du erakusketa antolatzeko.

 

Liburuaren Eguneko emanaldia apirilaren 29ra aitzineratu da

Hasiera batean apirilaren 30ean, ortziralean egitekoa bazen ere, Liburuaren Egunaren ospakizunen barrenean, Inguma taldearen “Bidaian” haurrentzako ikuskizuna ortzegunean, apirilaren 29an izanen da Berako Herri Liburutegian 18:00etan. Berako Liburutegiak eta Berako Kultur Batzordeak antolatu dute ekitaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun