Azken urteotan bezala, aurten ere Udaberriko Bestak antolatu ditu Igantziko Euskara Batzordeak haur, gazte zein helduentzat prestatutako egitarau zabalarekin. Azken bi urteetan azoka izan da, Igantziko maparen alde 2008an eta herriko abesbatzaren hogeigarren urteurreneko ospakizunetan laguntzeko iaz. Aurten ez da halakorik izanen, baina ekitaldiak ortziral honetan, apirilak 30, hasiko dira, eta igandera arte iraunen dute.
Apirilaren 30ean, 21:00etan bertso afaria izanen da Igantziko Biltoki elkartean, Julio Soto Nafarroako txapeldunarekin eta Iker Zubeldiarekin.
Maitzaren 1ean, larunbatean 10:00etan mendi-irteera izanen da haur eta gurasoentzat. Bakoitzak bere hamaiketakoa eraman beharko du eta eguerdirako itzuliko dira denak herrira.
Arratsaldean, 18:00etan eskolako bigarren zikloko ikasleen antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Zenbait urte daramazkite Igantziko eskolako neska-mutikoek antzerkia lantzen eta lan horren emaitza Udaberriko Kultur Egunen barrenean taularatzen. Aurten ere ez dute hutsik eginen.
Maiatzaren 2an, igandean, 09:00etan mendi ibilaldia eginen da, Oskar Txoperena eta Kirru Sarobe, Igantziko maparen egileek gidatua. Frontoitik aterako dira eta eguerdirako itzuliko dira, herriko paraje ederretan barna ibili ondotik. 18:00etan Igantziko Musika Eskolako ikasleen emanaldia izanen da Baratzondon, aurtengo Udaberriko bestei akabaila emanez.