Arantzako Pelettiki ludoteka duela hiru urte sortu zen Arantzako Udalaren eskutik eta Dindaia Fundazioak kudeatuta. 1-3 urte arteko haurren heziketan tresna baliagarria da eta bidenabar, haurrek era dibertigarrian denbora jostatuz eta ikasiz pasatzen dute.
Apirileko udal boletinean, Pelettiki bizirauteko nahia agertu du Arantzako Udalak, 1-3 urte bitarteko ume kuadrilla dagoelako herrian. Iaz 19.118, 70 euroko gastuak izan zituen, eta sarrerak 12.706,46 eurokoak izan ziren. Nafarroako Kutxan 7.896,46 eurokoa izan zen aportazioa, “Zuk aukeratu, Zuk erabaki” kanpainaren barne, eta Gurasoen ekarpena 4.810 eurokoa izan zen. Beraz, 6.412,24 euroko defizita supostatu zuen Pelettiki ludotekak Udalarentzat.
Defizita arindu eta ttikitu asmoz, gurasoek hainbat ekimen paratu nahi dituzte martxan hurrengo asteetan: porrak herriko ostatuetan, Mendi Itzuli egunean zare eder baten zozketa, sorpresa eta jokoak ttikientzat...
Egun hiru haur daude eta azken ikasturteetan Koldobike Gorostiza ari da hezitzaile lanetan. Heldu den ikasturterako, berriz, lau haurrek eman dute izena.
Zuk aukeratu, zuk erabaki
Hain zuzen ere, iaz Udalak aurkezturiko bi proiektuek diru gehiago behar dute: Pelettiki ludotekak eta frontoiren margotze lanek. Hori dela eta, Nafarroako Kutxaren ekimen horren barne, berriz ere bi egitasmo horiek aurkeztea erabaki du Udalak. Horrela, ludotekaren defizita arindu eta frontoia urte akaberarako pintatu ahal izatea espero du.
Ludotekaren kasuan urtean bertan bildutako dirua gastatzen da, eta frontoikoa, berriz, iaz bildutakoa aurtengoarekin batera gastatuko da.