Hilabete honetan ere udal informazioa banatu da eta horko berriei erreparatuko diegu.
Pelettiki ludoteka duela hiru urte sortu zen Udalaren eskutik eta Dindaia Fundazioak kudeatuta. 1-3 urte arteko haurren heziketan tresna baliagarria da eta bidenabar, haurrek era dibertigarrian denbora jostatuz eta ikasiz pasatzen dute.
Diruaren beharra
Pelettiki bizirauteko nahia agertu da Udaletik, 1-3 urte bitarteko ume kuadrilla dagoelako herrian. Iaz 19.118, 70 euroko gastuak izan zituen, eta sarrerak 12.706,46 eurokoak izan ziren. Nafarroako Kutxan 7.896,46 eurokoa izan zen aportazioa, Zuk aukeratu, Zuk erabaki kanpainaren barne, eta Gurasoen ekarpena 4.810 eurokoa izan zen. Beraz, 6.412,24 euroko defizita supostatu zuen Pelettiki ludotekak Udalarentzat.
Defizita arindu eta ttikitu asmoz, gurasoek hainbat ekimen paratu nahi dituzte martxan hurrengo asteetan: porrak herriko ostatuetan, Mendi Itzuli egunean zare eder baten zozketa, sorpresa eta jokoak ttikientzat...
Egun hiru haur daude eta azken ikasturteetan Koldobike Gorostiza ari da hezitzaile lanetan. Heldu den ikasturterako, berriz, lau haurrek eman dute izena.
Pelettikik denen beharra du, beraz.