Bortz hilabete eta erdi hauetan zaharberritze lanak egin ondotik, apirilaren 16an ireki zituen ateak Kultur Etxeak. Antzokian harmailak eraiki dira, eserleku berriak paratu eta alderdi teknikoa hobetu da, 250.000 euro inguruko inbertsioarekin. Hala, harmailarekin 207 lagunentzako tokia du antzokiak orain, elbarrientzat erreserbaturiko lau leku barne. 1991ko apirilean ireki zen Kultur Etxea eta geroztik, liburutegia, turismo bulegoa, erakusketa aretoa eta antzokia hartzen ditu. Orduan 77 milioi pezetako (ia milioi erdi euro) inbertsioa egin zen alhondiga eta lanbide heziketa institutua izandakoa zaharberrituz. Berrinaugurazio egunean, ordubete eskaseko ikuskizunean kultur eskaintza zabala eskaini zuten herritarrek. Josu Iratzoki alkateak eskerrak eman zizkien lan hau egitea posible egin duten guziei eta Jon Abril kultur zinegotziak, bertsolariek «eserlekuek lehenagokoek baino gehiago irauteko» itxaropenarekin botatako puntuari erantzun zion, «ongi erabiltzearen ondorioz hondatzen badira, berriak ere jarriko ditugula» adieraziz.