Nafarroako Gobernuak aldeko txostena eman dio Orsa enpresak Alkaiagan zabaldu nahi duen asfalto lantegiari. Baina Udala ez da iritzi berekoa eta kontra dagoela adierazi du. Martxo hondarreko bilkuran, talde guziek aho batez onartu zuten asfalto planta irekitzearen kontra daudela.
Asfalto lantegia Lesakako lur eremuan eraiki nahi du Orsak, baina Berako herriarekiko duen hurbiltasunagatik Udalari «kezka» sortzen diola aipatu digu Josu Iratzoki alkateak: «beratarrak izanen lirateke kaltetuak». Bere hitzetan, «gure ustez ireki nahi den asfalto plantak ez ditu horrelako planta bat jartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen». Alde horretatik, Lesakako Udalak proiektuari baiezkoa ematen badio, alkateak ez du baztertzen juridikoki neurriak hartzea.