Zein da sasoian egoteko sekretua?
Bakoitza bere biziarekin kontent egotea. Ni kontent nago, osasuna izanez gero, eta ondoan daudenak ongi daudenez, zer gehiago eskatuko dugu?
Gimnasia eginez, aldea somatzen al duzu?
Bai, haundia.
Akordeoia ikasten ere ibili zara, ez?
Bizpahiru urte egin nituen, baina orain utzia dut.
Emakumeak gizonezkoak baino gogorragoak direla uste al duzu?
Gogorragoak ez, baina bai dezidituagoak. Gizonak lotsatu egiten dira gimnasiara joateko. Beran, orain urte batzuk hiru gizon hasi ziren, baina urte baten buruan utzi zuten; tontakeria zela erraten zuten.
Bertze lanetan ere aritzen zara...
Josten ere aritzen naiz. Hilabetean bi egunez, pobreentzako arropa jostera joaten naiz. Elizan ere arropa aunitz biltzen da eta zikina dena garbitzen eta moldatzen aritzen gara. Horrela entretenitzen naiz.
Eta ehoziri-lana erakusten ere bai. Zaila al da?
Niretzat ez. Enpeinu pixka bat jarri eta gustatuz gero, nik uste edozeinek ikasiko lukeela.
Nolakoa da zure egun bat?
Etxea eta arropak garbitu, bazkaria prestatu... Gelditu gabe.
Aunitz aldatu al da Bera?
Bai, aunitz haunditu da. Etxe berri aunitz egin dira. Gainera, kanpotar dezente sartu da. Nire denboran, igande arratsaldetan, musika izaten zen plazan eta denak han biltzen ginen. Denok ezagutzen genuen elkar, eta orain ez.
Zein aholku emanen zenioke gaur egun gazteei?
Konformistagoak izateko, ez baitire deusekin ere konforme. Lan gutti egin eta sos aunitz irabazi nahi dute eta hori ez da posible.
Zer du Berak bertze herriek ez dutena?
Bertzeak ez ditut ezagutzen. Nik hemengoa ezagutzen dut eta ongi ikusten dut.
Orain arte egin ez duzun zerk eginen lizuke ilusioa?
Ez dakit... Deus berezirik ez. Nahi dudana egiten saiatzen naiz.