Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak Lesakako Udalaren laguntzaz antolatutako Tantirudantza jaialdia ospatuko da aurten ere, apirilaren 25ean. Goizean, ongietorria eta hameketakoaren ondotik, Urretxuko Lurra, Getariko Gure Txeru eta Faltzesko Makaia taldeetako dantzari ttikiak, herriko Tantirumairukoekin batera, karrikaz karrika ibiliko dira. 12:45ak aldera, Lesakako dantzarik tipikoena, “Zugigainekoa” eskainiko diote herriko dantzariek bisitariei eta 13:00etan plazan bilduko dira talde guziak, beraien emanaldia eskaintzera. Bazkaltzeko, herriko dantzarien etxeetara joanen dira bixitan datozen dantzari ttikiak eta arduradun eta musikariek, berriz, elkarrekin bazkalduko dute.
Arratsaldean, 17:30ean, Patxin eta Potxin pailazoek emanaldia eskainiko dute plazan.