Arantza, Bera eta Etxalarko udalek “Gure eskualdearen defentsan, krisi kapitalistari erantzun” izenburupean apirilaren 22rako deitutako bi orduko paroak erantzun ezberdina izan du lan-arlo eta herrien arabera. Honela, hiru herri horietako udaletxetan lanaldia erabat gelditu da, baita Euskara Mankomunitatean, Hiri-Hondakinen Mankomunitatean eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean ere. Bortzirietako zenbait ikastetxetan, legeak agintzen duen guttieneko zerbitzuak eskaini dira, baina bertze batzuetan normaltasunez segitu dute lanean. Patxiku Irisarri alkateak ez du datu zehatzik eman, baina onartu duenez, “komertzio arloan jarraipena nahiko eskaxa izan da eta industrian ere, ELAren atxikimendurik izan ez dugunez ttikia izan da, ez du arrakasta handiegirik izan. Arlo publikoan pribatuan baino eragin handiagoa izan du”.
Lan uzteekin batera, ordu erdiko kontzentrazioak egin dira bortz herrietako plazetan. Berakoa izan da jendetsuena, 70 lagunekin; Lesakan 60 bildu dira; 30na Etxalar eta Arantzan eta 22 lagun Igantzin. Beran egin den manifestazioan 200 bat lagun bildu dira, Bortzirietako lan etorkizunaren eta despidoen kontrako oihuak eginez.
"Mobilizazioak, instituzio arloan egiten den lanaren osagarri dira"
Honelako mobilizazioen beharra azpimarratu zuen Etxalarko alkateak, instituzio arloan egiten direnekin osagarria delako. Langabeziko datuak eta EREenak eman zituen Patxiku Irisarrik. “Eskualdeak aldaketa handia izan du azken bi urtetan Orain arte burbuila batean bizi ginen –zioen bere idatzian– eta honek eztanda egin duelarik, sistemak krak egin duenean, errealitate gordinera bueltatu gara”.
Neurriak hartzeko garaia dela uste du Etxalarko alkateak, “krisiaren pisu guzia langileen bizkar gelditu baita”.
Baztan-Bidasoaldeko alkate eta zinegotziek asteartean Jose Maria Roig kontseilariarekin egindako bilera ere gogoratu zuen Etxalarko alkateak, “baina deus gutti lortu genuen, hitz politak eta argazki bat, normaltasuna irudikatzen, baina arazoa egiturazkoa da eta mobilizazioen argazkia ere behar dugu”. Enpresarien “ajusteen” bidez, “eskualdea tantaka tantaka odol hustutzen ari direla” ere adierazi zuen, “sistema honi aurre egiteko langileen arteko elkartasuna eta indar metaketa behar beharrezkoa dela” azpimarratuz.
“Ekonomia demokratizatu behar dela” ere aipatu zuen, “aberastasuna banatuz”. Adibidea ere jarri zuen: “Nafarroan dagoen PIB biztanle guziem artean banatuz gero, pertsona bakoitzari 33.000 euro dagokio, bikotea eta bi haur dituen familiak 132.000 euro. Zenbat jende ezagutzen dugu diru hori irabazten duena?”.
Hurrengo hilabetetan zonaldeko fabriketan ERE gehiago izanen direla eta, indarrak metatzeko deia egin zuen Etxalarko alkateak, “izanen baitugu non eta zertan ari”.
Josu Iratzoki Berako alkateak ere “mobilizatzea merezi duela” azpimarratu zuen. Lan instituzionalarekin ere segituko dutela adierazi zuen, “nahiz eta oraingoz ez duen fruiturik eman”.