Joan den arazoaz geroztik lanengatik itxia egon eta bortz hilabete terdi hauetan zaharberritze lanak egin ondotik, apirilaren 16an ireki zituen berriz ere ateak Berako Kultur Etxeak. Antzokian harmaila eraiki da, eserleku berriak paratu eta alderdi teknikoa hobetu da, 250.000 euro inguruko inbertsioarekin.
1991ko apirilean ireki zen Kultur Etxea eta geroztik, bertan hartzen ditu liburutegia, turismo bulegoa, erakusketa aretoa eta antzokia. Orduan 77 milioi pezetako (ia milioi erdi euro) inbertsioa egin zen alhondiga eta lanbide heziketa institutua izandako eraikina zaharberrituz.
Zaharberritze lan horien ondotik, joan den ortziralean, apirilaren 16an egin zen berrinaugurazio ekitaldia. Zaila da ordubete eskaseko ikuskizunean Berako kultur eskaintza zabala laburbiltzea, baina berriz ere lortu zuten beratarrek. Ikuskizuna baino lehenago, Isidoro Fagoaga Musika Eskolako trikitilariek eta Antzerkia eta Eskola programako ikasleek sarrera girotu zuten. Gero, harmailak eta eskailerak betetzen zituzten ikusleen aitzinean, hainbat talde pasatu ziren taula gainetik. Berako Abesbatzak “Festara” abestu zuen; Uxaneko aktoreek besarkadaren garrantzia azpimarratzen zuen antzezlan zirraragarria eskaini zuten; “Bertze Musikak” jaialdiaren bitartez Bera nazioartean ezagutzera ematen duen Ertz kolektiboaren bideoa ikusgai izan zen; bibolin taldeak Vivaldiren “Udaberria” jo zuen; Berako bertso eskolak, Julen Zelaieta buru zutela zenbait kopla abestu zituen eta Isidoro Fagoagako ikasleen abesbatzak “Xalbadorren Heriotzean” ederki kantatu zuen.
Josu Iratzoki Berako alkateak eskerrak eman zizkien lan hau egitea posible egin duten guziei eta Jon Abril kultur zinegotziak, bertsolariek “eserlekuek lehenagokoek baino gehiago irauteko” itxaropenarekin botatako punttuari erantzun zion, “ongi erabiltzearen ondorioz hondatzen badira, berriak ere jarriko ditugula” adieraziz.
Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusiak, Pedro Luis Lozanok, adierazi zuenez, lan hauen ondorioz, “Berako Kultur Etxea Nafarroako Antzoki Sarean sartuko da”. Ekitaldiaren ondotik, Musika Bandaren laguntzaz, Kultur Etxe ondoan moldatu diren aretoetara joan zen jendea, luntxa eskaini baitzuen Herriko Etxeak.
Inaugurazioaren ondotik, larunbatean “Aitarekin bidaian” antzezlana ikusteko aukera izan zen Berako Kultur Etxean.
Bigarren fasea
Kultur Etxea hobetzeko proiektuaren bigarren fasea da hau. 2008an erakusketa gela moldatu zen, argiteri sistema, lurra, paretak eta sabaia berritu ziren. Denetara 60.000 euroko inbertsioa egin zen.
Bigarren fase honetan -lanik handienak- lehendabiziko solairu osoa moldatu da. Antzokian harmaila eraiki da, eta eserleku berriak paratu dira, eta ekipamendu eszenikoa zaharberritu da: argiteri eta ikus-entzunezko tresneria berritu, oihalak aldatu eta areto teknikoa birmoldatu da. Harmailaren azpian biltegi bat sortu da, orain arte kultur etxeak halakorik ez baitzuen. Harmailarekin 207 lagunentzako tokia du antzokiak orain, elbarrientzat erreserbaturiko lau leku barne.
Bi fase hauetako lanek Nafarroako Gobernuaren %50eko diru laguntza izan dute, eta bertze erdia Berako Udalak finantzatu du.
Hirugarren fase batean –oraindik datarik ez duena- oholtzaraino zuzenean joanen den jasogailua eginen da, komunak zaharberritu eta egokitu, eta bulego berria eginen da.