Joan den azaroaz geroztik lanengatik itxia egon ondotik, heldu den ortziralean, apirilaren 16an irekiko ditu ateak berriz ere Berako Kultur Etxeak. 250.000 inguruko inbertsioa egin da, eta bortz hilabete eta erdi iraun dute lanek. Lanak 2009 eta 2010eko aurrekontuen gainean egin dira.
Kultur Etxea hobetzeko proiektuaren bigarren fasea da hau. 2008an erakusketa gela moldatu zen, argiteri sistema, lurra, paretak eta sabaia berritu ziren. Denetara 60.000 euroko inbertsioa egin zen.
Bigarren fase honetan -lanik handienak- lehendabiziko solairu osoa moldatu da. Antzokian harmaila eraiki da, eta eserleku berriak paratu dira, eta ekipamendu eszenikoa zaharberritu da: argiteri eta ikus-entzunezko tresneria berritu, oihalak aldatu eta areto teknikoa birmoldatu da. Harmailaren azpian biltegi bat sortu da, orain arte kultur etxeak halakorik ez baitzuen. Harmailarekin 207 lagunentzako tokia du antzokiak orain, elbarrientzat erreserbaturiko lau leku barne.
Bi fase hauetako lanek Nafarroako Gobernuaren %50eko diru laguntza izan dute, eta bertze erdia Berako Udalak finantzatu du.
Hirugarren fase batean –oraindik datarik ez duena- oholtzaraino zuzenean joanen den jasogailua eginen da, komunak zaharberritu eta egokitu, eta bulego berria eginen da.
Jaialdia 19:00etan
Irekiera ospatzeko, herriko kultur talde ezberdinekin ikuskizuna antolatu da ortzirale honetarako, apirilaren 16a. Arratsaldeko 19:00etatik aitzinera, antzerkia, musika, dantza, bertsolaritza eta bertzelako emanaldiak izanen dira, ordubete inguruko ikuskizunean. Ondotik, luntxa emanen da bertaratutako guztiei. Ortziraleko ikuskizunerako sarrera dohainik da, baina aitzinetik lekua gorde egin behar da 012 telefonora deituta.
Berako Kultur Etxea 1991ko apirilaren 14an ireki zen, 77 milioi pezetako (ia milioi erdi euro) inbertsioa egin zen Alhondiga eta lanbide heziketa institutua izandako eraikina zaharberrituz. Geroztik, bertan daude liburutegia, turismo bulegoa, erakusketa aretoa eta antzokia.