Hika Teatroaren "Aitarekin bidaian" antzezlana ikusgai izanen da larunbatean Berako Kultur Etxean

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 15a

Jabier Muguruza aktore-musikoak, Joseba Apaolazak eta Jose Ramon Soroizek parte hartzen dute antzezlan honetan. TTIPI TTAPA

22:00etan hasiko da emanaldia eta ordubete lehenago hasiko dira sarrerak saltzen, 8 eurotan

Berako Euskara Batzordeak urtero antolatzen du antzerki emanaldi bat. Aurten Hika Teatroaren Aitarekin bidaian antzezlana eskainiko du, berriki Donostiako Udalaren “X. Donostia Antzerki Saria” irabazi duen antzezlana, hain zuzen ere. Lan honetan aski aktore ezagunek parte hartzen dute: José Ramón Soroiz eta Joseba Apaolaza, eta Jabier Muguruza, aktore-musikari paperean. Antzezlanaren egileak Agurtzane Intxaurraga eta Arantxa Iturbe dira.

 

Bi bidaideak, aita-semeak, elkarrekin bizitzera kondenatuta geratu dira. Halaxe eskatu zion amak hil aurretik Patxi semeari; haren faltan, aita zaintzeko. Horixe da antzezlanaren abiapuntua. Patxi zinez saiatuko da amari emandako hitza betetzen, baina laster jabetuko da aita ez dela jada amak ezagutu zuen gizona; orain bertze bat dela.

 

Aita gaixo dago, zahartzaroko gaixotasun horietako batek jota eta maiz aitak ihes eginen dio bertze mundura. Patxiren bizitza infernua bihurtuko da, eta aitaren zaintzak arazoak sortuko dizkio bere eguneroko harremanetan: neska-lagunak utzi berri du eta lanean ere kaleratzeko zorian daude. Patxik gehiago ezin eta zerbait egiteko behar gorria ikusi du.

 

Historia honek itxuraz dramarako osagai guztiak dituen arren, umoreari ere tokia utziko dio, atal aunitz modu absurdoan jorratuz eta ondorioz momentu barregarri asko eta hunkigarriak bertze hainbat sortuz.

Emanaldi honekin batera Berako Kultur Etxearen aretoa berrinauguratuko da. Izan ere, kultur etxea hainbat hilabetez itxia egon da, areto nagusian hainbat lan eta egokitzapen egiteko.

Emanaldi honen antolatzailea Berako Euskara Batzordea bada ere, laguntzaileak honako erakunde hauek dira: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Berako Kultur Batzordea eta Nafarroako Antzoki Sarea.

 

Sarrerak 8 € balio du, eta egun berean salduko dira, leihatilean bertan, 21:00etatik aitzinera. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun