ELA sindikatua ez dator bat apirilaren 22rako Bortzirietan deitutako paroarekin

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 19a

Arantza, Bera eta Etxalarko udalen deialdia “sindikatuetatik kanpo kudeatutako ekimen politikoa” dela uste du

ELA sindikatuak ez du bat eginen Bera, Etxalar eta Arantzako udalek apirilaren 22rako deitutako paro egunarekin, uste baitu “sindikatuetatik kanpo kudeatutako ekimen politikoa” dela eta, aldi berean, “erantzun sindikal zabal eta bateratu batenalde lan egitea” beharrezko ikusten duelako.

ELAk egindako idatziak dioenez, duela urte terditik honat bere kezka agertzen ari dira Nafarroako zenbait eskualdetan ehun industrialak eta enpleguak jasan duen hondamendi lazgarriarengatik. Baztan Bidasoa da eskualde horietako bat. Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren utzikeria salatu du ELAk eta horren kontra mobilizazioak egin dituzte, “maiatzaren 21eko greba orokorra eta bertze hainbat dira horren lekuko”.

Egoera honen aitzinean, ELAren ustez, “sindikalismoaren lehentasuna langileak antolatzea eta mobilizatzea izan behar du, hortik abiatuta gizartearekin bat egin eta Gobernuaren politikaren aldaketa bortxatzea, kalitatezko enpleguari eta industrializazioari lehentasuna eman dezaion”. Baina ekarpen hau, ELAk dioenez, enpresetan egiazko oinarria duen elkarlan batetik abiatu behar da eta “zoritxarrez, gaur gaurkoz, hori ez da horrela”. 

Gure eskualdean sindikatuen artean izan diren gatazken inguruan publiko egin zuen bere iritzia ELAk. Horren arabera, “kritika bidezkoa da, baina garrantzi handia du oinarrizko joku-arauak errespetatzea, elkarlan arauak hain zuzen, sindikatuen lan bateratuari sendotasuna emateko”.

Bukatzeko, Bera, Etxalar eta Arantzako udalek egindako deialdiari dagokionez, ELAk ez dator bat “sindikatuetatik kanpo lan mundura zuzendutako ekimen hauekin”. Sindikatu honen arabera, “sindikatuen arteko elkarlan aukera errealak oztopatzen dituen mutur sartzea da”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun