Indarrak biltzeko batzarra eginen da Lesakako Kasinoan asteazken arratsaldean

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 14a

Sektore ezberdinetako krisia aztertu ondotik, munduko egoeraz ariko da Nekane Jurado ekonomilaria

“Gure eskualdearen defentsan!” izenburupean eta krisi ideologikoari aurre egiteko helburuarekin indarrak biltzeko batzarra izanen da asteazkenean, apirilaren 14an, 20:00etatik aitzinera Lesakako Kasinon. Arantza, Bera eta Etxalarko alkateek azkeneko bi urteotan bereziki egindako ekitaldien eta mobilizazioen segida bezala aurkeztu dute ekitaldia.

Arlo ezberdinek bizi duten krisiaz solastuko dira lehenik hizlariak. EHNE sindikatuko Mikel Altzuart lehen sektorearen krisi iraunkorraz ariko da eta sektore honek urtetan hartuko duen bilakaeraz eta garrantziaz; Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea instituzioen krisiaz ariko da eta udalen egoeraz; Herri Mugimenduko Jon Elizetxe krisi ekologikoaz ariko da eta Erdiz Bizirik Plataformaren ibilbidea eta honen ekarpenaz ere mintzatuko da, “proiektu txikitzaileen kontra ere, garaipenak lortzen ahal direla agerian utziz” eta Funveratik kaleratutako langile bat, Jose Mari Telletxea, lantegietako krisiaz ariko da eta langileriaren borroka nola antolatu eta zer emaitzak ematen dituen aztertuko da.

Ondotik, arloz arloko hausnarketa hauen ondotik, ekimen guzti hauek kokapen orokor batean jartzeko Nekane Jurado ekonomilariak, Mundu mailako krisiaren bilakaera nola etorri den gure artera azalduko du. Modu errazean, munduan eman diren mugimendu batzuk zer eragin izan duten gure zonaldean azalduko du “Elkartzen” Mugimendu sozialeko kideak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun