Itsaso Fagoaga, Skeet olinpikoko tiralari lesakarra berriz ere Espainiako txapeldun suertatu da, asteburu honetan Granadan jokatutako txapelketan nagusitu ondotik. Platerak jaurtitzen dituzten makinekin zenbait araro izan ziren eta horregatik, ohi baino portzentai eskasagoak egin zituzten tiralariek. Markatik urrun bai, baina berriz ere Espainiako txapelketan garaipena lortu zuen Itsaso Fagoagak.
Ez da azken aldi honetan lortu duen txapelketa bakarra. Martxoan Nafarroako txapelketa jokatu zuen, urtero bezala, bi zatitan. Lehenbiziko fasea Elizondon jokatu zuten eta bigarrena Valdorban. Txapelketa honetan, emakumezkoetan txapeldun suertatu zen Itsaso Fagoaga eta sailkapen orokorrean bigarren. Nork irabaziko eta bere aitak, Antonio Javier Fagoagak.
Irungo Saga Sari Nagusian kategoria bakarrean lehiatu ziren tiralariak, emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrekin. Txapelketa honetan hirugarren izan zen Itsaso Fagoaga, baina halere 75 plateretik 67 haustea lortu zuen, lehenagotik berak zuen Espainiako errekorra gaindituz.
Erregearen Kopa ere martxo hondarrean jokatu zen Pinton, Madrilen. Lehia estua izan zuen Itsaso Fagoagak eta 25 platereko azkeneko txandara arte bigarren zen sailkapenean, baina azken txanpa horretan ongi kontrolatu zuen urduritasuna eta berriz ere txapeldun izatea lortu zuen. Txapelketa honetan, Antonio Javier Fagoaga hirugarrena izan zen bigarrengo mailan.
Apirilean ere, Espainiako txapellketa baino lehen, Gaztela Leongo txapelketa batean parte hartu zuten Valladoliden Antonio Javier eta Itsaso Fagoagak. Hemen ere, aita-alaben arteko lehia izan zen, kategoria bakarrean aritu baitziren partehartzaile guziak. Antonio Javier aitak ehun plateretik 90 hautsi eta lehen posturako berdindua gelditu zen bertako tiralari batekin. Desenpatean, hainbat jaurtiketa bikoitz egin ondoren, Antonio Javier Fagoagak irabaztea lortu zuen eta Itsaso Fagoagak ere, meritu handiko hirugarren postua lortu zuen, 100 plateretik 87 hautsiz.
Bi hilabete mugitu hauen ondotik, entrenatzen segituko du Itsaso Fagoagak, ekainean Europako txapelketan parte hartzeko aukerak dituelako eta uztailean Espainiako Kopa jokatuko delako.