GURPIL SENDOAK
«Munduko erradiorik garestienak montatzen ditut, bakoitzak 4 euro balio du. Sendotasuna emateko bat bertzeari soldatu egiten ditut. Hori ez du Munduan bertze inork egiten»
Munduko bizikleta-gurpilik arinenak Beran egiten dira. Hala dio Michel Debien frantziarrak (Arcachon, 1959), azken bi urteetan 3C enpresaren tailerra Beran ezarri duen MagicWheel markako gurpilen egileak: «gurpil pareak 900 gramo ditu», dio harro. Txirrindularitzari lotutako bizimodua da Debien-ena. Bere aitatxi Frantziako Tourrean atera zen eta bera ere pistan nahiz ziklo-krosean aritutakoa da. 1979an hasi zen bizikletan egiten eta bizikletendako hobekuntzak asmatzen.
Urte hauetan hamalau patente ezberdin asmatu ditu Michel Debien-ek koadroak, gurpilak, xehetasun teknikoak, marka ezagunentzako prototipoak, baita bertze arlo batean, ardo-botilak garraiatzeko tresnak ere. «1982an direkzio integratua asmatu nuen, baina 22 urteko mutil gazte bat bertzerik ez nintzen eta marka handiek ez zidaten kasurik egin, irri egin zidaten. Gaur egun, mundu osoko bizikleta guziek daukate direkzio integratua, baina ez naute inoiz ordaindu, patente bat hogei urterako izaten delako». Gaur egun hain zabaldua den karbono-fibra erabiltzen ere bera izan omen zen lehena, 1984an egin baitzuen lehen koadroa material horrekin. Bitxikeri gisara, Munduko txirrindulari handienarentzat (2,09m) eta ttikienarentzat (1,48m) bizikleta bana egin zuen. Arazoak ere izan ditu bere asmakizunekin: «Enpresa handiren batek nire asmakizuna nabarmen kopiatu egin du, berdin-berdin egin eta bere izenean saldu. Epaitegietara jo izan dut, baina multinazionalek abokatuentzat dirua dute eta niri bukatu egiten zait».
Miarritzen lantegia zuen Marcel Borthayre handia izan zuen irakasle. 1970. hamarkadako txirrindulari handienek berari erosten zizkioten bizikletak: Merckx, Ocaña, Anquetil, Poulidor… Bere bezeroen artean ere aski txirrindulari ezagunak dituela erran digu Debien-ek, «baina publizitate kontratuak dituztenez, Pro-Tourreko taldeek ezin dute eskulangileen izenik agertu bere bizikletetan». Halere MagicWheel izenarekin ez ezik, bertze hainbat markendako gurpilak egiten dituela aipatu digu. «Markaren pegatina jartzea aski da». Campagnolo edo Shimano bezalako marka famatuek milioika gurpil egiten dituzte, «aunitz txarrak» Debien-en ustez, baina Espainian gurpilak egiten dituzten hiru eskulangile bertzerik ez daudela aipatu digu eta Frantzian bertze hiru. «Mundu osoan hogei baino guttiago izanen gara».
Bere sekretua ongi egindako eskulana dela aipatu digu Debien-ek, materialik onenak eta denbora erabiliz: «Arreta eta maitasun handiz egiten ditut gurpilak, ahalik eta lanik perfektuena osatzeko. Gehienek makinaz egiten dituzten gurpilak, nik eskuz egiten ditut. Txinako lantegi batean, ordu batez bi gurpil pare edo gehiago egiten duten artisautza tailerrak badira; nik egunean gurpil pare bat eginen dut, bi gehienez. Gehiago ezinezkoa da». Duela urte batzuk arte bizikleta oso-osorik diseinatu eta egiten zituen hamabortz langileko tailerra zeukan Arcachonen. Baina duela bortz urte izan zuen bizikleta-istripu larri baten ondorioz, indarra galdu eta orain gurpiletan espezializatu da, halabeharrez.
5 urterako garantia
Mundu osoan bortz urterako garantia ematen duten gurpil bakarrak bereak direla aipatu digu Michelek. «Lehen bizi osorako garantia zuten, baina bizia hain luzea da!». Bere ustez «Munduko gurpilik onenak» egiten ditu, «prezio egokian». Gurpil parea 490 eta 1.490 euro artean saltzen du. Aunitz iruditzen zaionarentzat, gogoratu behar da 3.000 eta 4.000 euroan ere saltzen direla gama altuko gurpil hauek: «Hori erokeria da!», dio frantziarrak.
Berak bakarrik egiten ditu gurpilak, baina maileguren bat lortuz gero, Berako tailerrean bizpahiru langilerendako lana jarriko lukeela uste du, gurpil gehiago egiteko aukera emanen liokeelako.