Onin udal taldeak Lesakako alkate Juan Fermin Mitxelenak herri mugimenduarekiko duen jarrera gaitzetsi du, eta bereziki, joan den astean Gazte Egunaren antolaketari jarritako trabak salatu ditu.
Bereziki kezkagarria iruditzen zaio Onin udal taldeari Gazte Egunaren inguruan izandako “jarrera lotsagarria”. Oninen erranetan, “baimen guztiak ukatu, oholtza, megafonia ekipoa, proiektorea eta plaza erabiltzeko debekua eta oztopoak paratu ondotik, Onin udal taldeak eskatu zituen baimen guztiak, Gazte Eguna egin zedin bermatzeko. Alkateak baimen horiek ukatu ez dituen arren, ez du inolako erraztasunik jarri, ez oholtza muntatu, ez garraioa erraztu; oztopo eta traba ugari jarri baititu antolaketa normal baterako”.
Onin taldearen arabera, “tamalez, horrelako jarrerak ez dira berriak, ez alkatearengandik, ez EAJ-EArengandik ere”, baina azken boladan ugaritu egin direla eta, bere kezka agertu nahi du. Alkateari galdetu nahi dio “udal talde hauek nolako herri eredua nahi duten Lesakarako, zein alternatiba eskaintzen dien Udalak gazteei, eta oro har, gizarte mugimenduekin zernolako harremana izan nahi duen”. Jarrera “suntsitzaile” hori alde batera utzi eta “jarrera eraikitzaileago bat izan dezan” eskatzen dio Oninek.
Gazte Eguna apirilaren 17an
Hain zuzen, larunbat honetan, apirilaren 17an, ospatuko da Lesakako Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Eguna “Gaztik geldirik, herria hilik, mugi hadi gazte!” lelopean. 09:30ean diana izanen da gaitero eta txistulariekin eta ondotik gosaria plazan. 10:00etako hasiera ekitaldiaren ondotik, 11:00etan bisita historikoa eginen dute herrian, 12:30ean paella txapelketa. 14:00etan bertso bazkaria izanen da eta paella, xolomoa, postrea, kafea eta kopa izanen da menuan. 17:00etan jokoak izanen dira, 19:30ean poteo musikatua eta 22:30ean kontzertuak izanen dira Etnia, Gozategi, Vendetta eta Xutik taldeekin. Txoznetan bokatak ere izanen dituzte saltzeko. Bazkarirako bezala, kontzerturako txartelak ere bortz eurotan salgai daude.